euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Santa Cruzetik Cordobara, Argentinako euskal etxeek bat egin dute Aberri Eguneko ospakizunekin

2014/04/24

San Nicolaseko Euskal Etxeko Aberri Eguneko giroa, dnak lanean paella handiak prestatzen (argazkia Nanomade)
San Nicolaseko Euskal Etxeko Aberri Eguneko giroa, dnak lanean paella handiak prestatzen (argazkia Nanomade)

PUBLIZITATEA

Urteroko engaiamendu berarekin ospatu da 2014 honetan ere Aberri Eguna Argentinako hainbat euskal etxetan. Ekitaldiek bi helburu nagusi izan dituzte, alde batetik Euskal Aberria ospatzea; bestetik, hausnarketarako guneak sortu eta kontzientziatzea. Kari horretara, mota askotako proposamenak burutu ziren herrialdean zehar, festak eta sukaldaritza saioak eta baita hitzaldiak eta ikurrinaren presentzia bermatzeko ekimenak ere. Hona hemen orain arte gauzatu diren zenbait ekintzaren laburpena.

Buenos Aires, Argentina. Joan den igandean, apirilaren 20an, Pazko Igandean, ospatu da Aberri Eguna Euskal Herrian eta baita Argentinako euskal etxe askotan ere. Eta instituzio batzuek ospakizuna atzeratzea erabaki arren Aste Santuko oporren baitan ez gertatzeko, beste batzuek, berez dagokion egunean bertan egin zuten. Hau izan da, besteak beste, Arrecifes, Bariloche, Chascomus, Necochea, Pergamino, Rio Gallegos eta San Nicolas euskal etxeen kasua. Cordobako Gure Txokoan, berriz, astebete aurretik bildu ziren kideak 'euskal bazkari bat' gauzatzeko. 

2014ko Aberri Eguna I Arrecifes 2014 01

[Arrecifesen aktibitate bikoitza egin zen apirilaren 20an. Goizean ikurrinez apaindu zituzten Euskaldunak Denak Bat-eko lagunek euren etxe eta autoak. Arratsaldean, Juan Ignacio Saez Abarrateguik ‘Nahi duzun kolorekoa, baina abertzale’ izenburuko hitzaldia eskaini zuen. Hitzaldia bukatutakoan, afaria partekatu zuten bildutakoek (argazkiakEE)]

2014ko Aberri Eguna I Bariloche 2014 02

[Barilochen, eta Mendiko Euzko Etxea-ko kideen eskutik, bi egunetan banatuko da ospakizuna. Apirilaren 19an ikurrina eta Argentinako bandera apaingarri zeuzkan Bazko Arrautza zozketatu zuten. Irabazle zoriontsua Pinar Auzoko Norma Gutierrez izan zen. Ospakizunaren bigarren zatia hiriko Gizataldeen Pasealekuan izango da, datorren larunbatean, udaleko agintariak lagun. Argazkian, Hector Graña eta Luis Galarreta (argazkia EE)]

2014ko Aberri Eguna I Chascomus 2014 03

[Chascomusen, Immigrantearen Pasealekua izan zen Aberri Eguna ospatzeko euskal etxeak aukeratutako lekua. Bertan jaso ziren, ikurrinarekin batera, hirian era antolatuan bizikide diren kolektibitate guztietako banderak, hala nola, Eskozia, Laos, Frantzia, Espainia, Italia, Libano, Siria, Palestina, Grezia eta Argentinakoak (argazki EE)]

2014ko Aberri Eguna I Cordoba 2014 04

[Cordobako Gure Txokoan, apirilaren 13an ospatu zen Aberri Eguna paella erraldoi batekin. Instituziotik jakinarazi digutenez, txalo beroak jaso zituzten Juan Bengoetxea, Jorge Moriñigo eta Ramiro Martin sukaldariek, egindako lanagatik. Baina txaloak ez ziren sukaldarientzat bakarrik izan. Cordobatarrak taldeko dantzariek ere liluratu zuten publikoa (argazkiak EE)]

2014ko Aberri Eguna I Necochea 2014 05

[Necocheako Euzko Etxeak programa oparoa antolatu zuen 2014ko Aberri Eguna ospatzeko. Egitaraua apirilaren 19an hasi zen dantzariek antolatutako afariarekin eta 20an jarraitu, meza, lore eskaintza eta Txikiteo batekin. Lore eskaintza Gernikako Arbolaren Kimuaren aurrean burutu zen, etxeko kide den Ignacio Anduagak Aberri Egunari buruzko hitz batzuk esan ondoren. Bertan Ohorezko Aurreskua dantzatu zuten etxeko dantzari gazteek (argazkia EE)]

2014ko Aberri Eguna I Pergamino 2014 06

[Pergaminoko Lagun Onak Euskal Etxeak Ostiral Santuan propio eta lanerako ireki zituen ateak. Urtero bezala, euskal etxeko sukaldari taldeak bakailaoa prestatu zuen pergaminotarrei saltzeko. Horrez gain, Aberri Egunari buruzko artikulu bat argitaratu zuten hiriko La Opinion egunkarian (argazkiaEE)]

2014ko Aberri Eguna I r gallegos 2014 07

[Argentinako hego-hegoaldetik ere, Santa Cruz probintziako Rios Gallegosetik hain zuzen, Patagoniako puntan, jaso dugu Aberri Eguneko ospakizunari buruzko informazioa. Bertan Rancho K kintxoan bildu ziren Hegoalde Argentinarra euskal etxeko kideak. 'Tripakiak Bizkaiko erara' mundialak omen zeuden. Bazkalostean, kantatzeko tradizioari eutsi zioten eta instituzioko lehendakari Cesar Arizmendik euskal etxearen datozen proposamenak zeintzuk izango diren aipatu zuen, euren artean Paleta Lehiaketa Nazionala (argazkia La Opinion Austral Egunkaria)]

2014ko Aberri Eguna I san nicolas 2014 08

[Ezagunak bezain onak diren San Nicolaseko Euzkal Etxea-ko sukaldariak sukaldean ospatu zuten 2014ko Aberri Eguna. Izan ere, Ostegun Santuan paella erraldoi bat prestatu zuten, Aberri Eguna kari, zatika saltzeko. Ekintza erabat arrakastatsua izan zen eta anoa guztiak agortu ziren (argazkiak Nanomade)



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia