euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Santa Barbara Unibertsitatean herri kirolei buruzko taller praktikoa egin dute, entzuleak probalari bihurtuz

2012/03/14

Herri Kirol probetan parte hartu zuten ikasleak, irakasleak eta entzuleak (argazkia AMoreno)
Herri Kirol probetan parte hartu zuten ikasleak, irakasleak eta entzuleak (argazkia AMoreno)

PUBLIZITATEA

Arrakastatsutzat jo du Kaliforniako Santa Barbara Unibertsitateak iragan martxoaren 2an Arkaitz Moreno irakasleak bertan eman zuen herri kirolei buruzko mintegia. Bi zati izan zituen ekitaldiak: batetik, herri kirolei buruzko hitzaldi klasikoa; bestetik, taller praktikoa. Bigarren zati honetan entzuleak patiora irten eta proba desberdinetan lehiatu ziren; ohiko aurkezpenez oso bestelakoa izan zen eta biziki gozatu zuten partaideek probalarien lekuan jartzeko aukera hau. Ekitaldiak lortutako harrera ona dela-eta datorren urtean errepikatzeko asmoa agertu dute Santa Barbara unibertsitateko arduradunek eta, are gehiago, Bakersfield eta Boisekoan ere egiteko aukera ari dira aztertzen.

Santa Barbara, AEB. Iragan martxoaren 2an euskal herri kirolei buruzko hitzaldi eta taller praktiko bat egin zen Kaliforniako Santa Barbara Unibertsitatean, Diana Palenzuela irakurleak zuzentzen duen Euskara eta Euskal Kultura ikastaroak antolatuta. Ekitaldiak Etxepare Euskal Institutuaren sostengua izan zuen eta Euskal Herritik Arkaitz Moreno Kirol Zientzietako irakaslea gonbidatu zuen unibertsitateak lantegia emateko. 

Ekimenean unibertsitateko 50 bat lagunek hartu zuten parte: unibertsitateko ikasleak eta irakasleak "eta Espainiako Gerra Zibilaren ondorioz Estatu Batuetara etorri behar izan zuen adineko pertsona batek", azaldu dute antolatzaileek. Ekitaldiak bi atal izan zituen: lehenengoan Morenok herri kirolen jatorria, garapena, motak eta gaur eguneko egoera azaldu zituen; bigarrena, praktikoa izan zen eta zati honetan lau herri kirol praktikatu zituzten partehartzaileek: lokotxak, txingak, gizon probak eta sokatira. 

Apustuak eta guzti

"Praktika egiteko material ezohikoak erabili behar izan genituen, izan ere Estatu Batuetan Herri Kirolak praktikatzeko materialak lortzea nahiko zaila baita", azaldu dio EuskalKultura.com-i Arkaitz Morenok. "Lau talde egin genituen eta euren artean lehiatu behar zuten irabazteko. Lehiak egiten ziren bitartean ikasleek apustuak egin zitzaketen".

Arlo praktikoaz gain, hitzaldia ere oso dinamikoa izan zen eta parte hartzea bultzatzeko Morenok eskupilotako pilotak oparitu zizkien galderak erantzuten zituztenei. "Praktikan ere oso gustura aritu ziren; konpetizio bat izanik taldeen arteko lehia handia izan zen, baina giro dibertigarria mantendu zen beti". 

2013an berriz

Ekitaldiaren ostean Viola Migliok, Santa Barbarako Kaliforniako Unibertsitateko Espainia eta Portugaleko programen koordinatzaileak, erakundearen poza agertu zuen, bere esaetan "ekitaldia oso dinamikoa, originala eta polita" izan zelako. Hurrengo urtean ekitaldia errepikatzeko asmoa agertu zuen Unibertsitateak, eta Bakersfield-eko eta Boiseko unibertsitateetan ere egitea hausnartzen ari omen dira.

-Ekitaldiaren argazki gehiago, hemen



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia