euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Santa Agedako koplak kantatzeko euskal tradizioa Madrileko kaleetara eraman zuen bertako Euskal Etxeak

2008/02/12

Euskal Etxeko korua Madrileko kaleetan Santa Ageda koplak kantatzen (argazkia MadrilEE)
Euskal Etxeko korua Madrileko kaleetan Santa Ageda koplak kantatzen (argazkia MadrilEE)

PUBLIZITATEA

Euskal Herrian Santa Ageda bezperan etxez-etxe koplak kantatzeko ohitura zaharra dago. Aspaldidanik Madrilen ikasten ari ziren euskal gazteek usadio hau mantendu zuten eta frankismo garaian galdu ostean Euskal Etxeak 70. hamarkadan berreskuratu zuen ohitura. Hala, joan den otsailaren 4aren gauean euskal elkarteko kideek osatutako koruak Madrileko kale eta bazterrak girotu zituen, makilen kolpeen erritmoarekin Santa Agedaren ohorezko kopla zaharrak abestuz. Bestalde, joan den urtarrilaren 25ean Euskal Etxeak Zuzendaritza Batzordea hautatu zuen, egungo lantaldea beste bi urtetarako aukeratuz.
Sainduaren izena zeraman eskuargi batek argitzen zuen Vicente Larreak zuzenduriko koruaren bidea, Madrileko kaleetan zehar. Ibilbidea Txoko Zar elkartean hasi zuten, San Nicolas plazan. Jarraian udaletxera, Plaza Nagusira, Puerta del Solera, Santa Ana Plazara eta Zerain Sagardotegira joan ziren koplariak. Sagardotegian askari batekin indarrak bildu zituzten, azken kantuak Euskal Etxe parean eskaintzeko. Ibilbidea txistorra eta ardoa jan edanez bukatu zuten, Euskal Etxeko arduradunek EuskalKultura.com-i jakinarazi diotenez.

[Koruko kideek Santa Agedaren izena zeraman eskuargi bat eraman zuten ibilbidean]

Zuzendaritza beste bi urtetarako

Bestalde, joan den urtarrilaren 25ean elkarteak Ohiko Batzorko Orokorra egin zuen eta egun lanean ari den zuzendaritza beste bi urtetarako aukeratu zuten. Euskal Etxeko presidentea Jon Zaballa da, presidente ordea Pablo Beltrán de Heredia, diruzaina Julio Elejalde eta idazkaria Luís Ángel Vidal.

Batzordean presidenteak 2008 urterako jarduera egitaraua aurkeztu zuen, urteko ekimen artean webgune berriaren diseinua eta orfeoi eta dantza taldeen berrindartzea azpimarratuz. Beste gaien artean, José Luís Roncal Euskal Etxeko Mendi Elkarteko bokal karguan berronetsi zuten. Roncal taldeko presidentea ere bada, baina aurreko bokala Donostiara bizitzera joan delako bere gain hartu du kargu hau ere.

Danborradak Pello Aranburu omendu zuen

Azken hilabeteotan Euskal Etxeak egin duen beste ekitaldi nagusia San Sebastian Eguneko ospakizuna izan zen, urtarrilaren 19an. Duela 25 urte hasitako ohiturari jarraituz, elkarteak afari bat antolatu zuen eta 132 kidek parte hartu zuten bertan. Afalostean makilak hartu eta sukaldari txanoa jantzita bazkideek danborrada jotzen hasi ziren. Fermín Pujol bazkideak armonikarekin euskal kantak edota Pau Casalaren La canción de los pájaros bezalako kantuak jo zituen, 'benetako' danborrada noiz hasiko zain.

[Madrileko Euskal Etxeko danborrada]

Gauerdian hasi zen Danborrada, aurreko asteetan gogotik entsaiatzen ibilitako bazkide talde baten eskutik eta José María Aranak zuzendua. San Sebastian Martxa jo ostean, danborrari taldea Pello Aranburu bazkidea zegoen mahaiaren inguruan bildu zuen, horrela elkarteko kideari omenaldia eginez. Euskal Etxeko Urrezko Domina jarri zioten Aranbururi, elkarteko sorrera bultzatu eta 20 urtetan idazkari eta lehendakari bezala egindako lana eskertuz.

Haur danborrada

Hurrengo egunean, urtarrilaren 20ean, haur danborrada atera zen kalera, hogeitamar bat neska-mutilek osatua. Ordu betez gaztetxoek martxa eta doinu tradizionalak jo zituzten Cecilia Arana, Jose Maria Aranaren alabaren gidaritzapean. Urtero legez, ekitaldi hau Euskal Etxearen aurrean dagoen plaza txikian egin zuten, Zarzuela Antzokiaren sarreran bertan. Ekitaldiaren ostean haur eta gurasoentzako askaria eskaini zuten Euskal Etxean.

Goiko irudian haurrak Zarzuela Antzokiaren parean danborrada jotzen]

[Beste irudi honetan Haur Danborradak Euskal Etxearen aurreko plazan eskaini zuen ikuskizunaren beste une bat]


Lotura interesgarriak

Madrileko Euskal Etxea
www.euskaletxea-madrid.com

Euskararen Eguna Madrileko Euskal Etxean
EuskalKultura.com-en argitaratua 2007ko abenduaren 22an

Madrileko Euskal Etxearen 25. urteurrena
EuskalKultura.com-en argitaratua 2007ko urriaren 11an


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia