Buenos Aires, Argentina. Uztailean zehar ospatzen dira Sanferminak Diasporako nafar eta euskal etxeetan, batzuetan 7an bertan baina baita ondoko egun eta asteetan ere, elkarte bakoitzaren eta bere ahalen arabera. Ospakizunak deigarriak izan ohi dira; eta ez bakarrik parte hartzaileen jantziengatik –distantzia gorabehera, Hego Amerikako sanferminzaleak ere zurigorriz janzten dira–, txupinazoarengatik ere baizik, edo dantzengatik edo leku batzuetan askatzen dituzten egiazko adardunengatik, horietarik ere badago-eta gure Diasporan.
Artikulu honekin 2018ko sanferminei ‘agur’ esango diegu. Chascomus, Pergamino eta Mendoza hiri argentinarreko euskal etxeek antolatutako ospakizunen argazkiak konpartituz; baita Uruguaiko Saltoko Euskaldunen Etxeak egindako San Fermin tabernaren argazkiekin ere; eta Venezuelako Caracasko Eusko Etxearen entzierroaren irudiekin, bigantxak itzuli baitira aurten hiriburu venezuelarreko euskal etxera. Gora San Fermin!