euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Sanferminetako giroa birsortuko dute San Juango euskaldunek bertoko Eguzkiaren Festa Nazionalean

2012/02/09

2011ko Eguzkiaren Festan euskal etxeak aurkeztutako karrozaren argazkia (argazkia EE)
2011ko Eguzkiaren Festan euskal etxeak aurkeztutako karrozaren argazkia (argazkia EE)

PUBLIZITATEA

“Ardo argentinarra, edari nazionala” lelopean burutuko da datorren otsailaren 21etik 25era San Juan hiri argentinarrean urtero egiten den Eguzkiaren Festa Nazionala. Ohiturari jarraituz, “Eguzkiaren Karrusela” eraikiko dute San Juango departamentu eta kanpoko gizatalde guztiek, San Juan hiriko kaleetatik desfile bat eginez. Karrusela osatzen dituen karroza bakoitzak ardoarekin lotura duen gai bat proposatuko dute. Euskaldunen kasuan, 'San Juango txupinazoa' izeneko irudia eta ardoa zahatoan eskainiko dituzte Eusko Etxea-ko kideek.

San Juan, Argentina. Joan den otsailaren 3an aurkeztu zitzaizkien Eguzkiaren Festako antolatzaileei Eguzkiaren Karruselean parte hartuko duten karrozen maketak. “Guk proposatutakoak Sanferminetako giroa islatzen du”, azaldu dio Ofelia Larrea Eusko Etxea-ko lehendakari ohiak EuskalKultura.com-i. “Oholtza mugikor baten gainean eskuz egindako zezenak jarriko dira eta euskal etxeko gazteak San Ferminetako koloreekin jantziko dira. Ardo kupel batzuk ere ezarriko dira oholtzan eta puxika batzuekin mahats sortak irudikatuko dira. Dena Argentinako banderez eta ikurrinez apainduta, jakina”.

Eusko Etxea euskal etxeak aurkeztutako maketa antolatzaileen onarmena jaso zuen eta besteekin batera ikusgai egon zen hiriko udaleko Centro Civico-n. “Orain benetekoa egiteari ekin behar diote neska eta mutilek. Gure karrozaren izenburua 'San Juango txupinazoa' da, eta ardoa zahatoan eskainiko zaio publikoaren jendeari. Horretaz gain, agintarien palkoaren aurrean euskal dantzak egingo dituzte euskal etxeko dantzariek”, jakinarazi digu Ofelia Larreak.

Karrusela otsailaren 24an izango da eta hiriko 25 de Mayo plazaren inguruko kaleetan kokatuko da ikusleek probintziako departamendu eta gizatalde bakoitzak aurkeztutako gaiak ondo ikus ditzaten. Aurtengo edizioan, eta leloarekin bat eginez, Argentinako ardoaren historia eta orainaldia, eta upeltegien lana eta ardoaren inguruan egiten diren jaiak islatuko dira karrozetan.

Antolatzaileen diotenen arabera, 150.000 bat ikusle bertaratuko dira San Juango 25 de Mayo plazara Eguzkiaren Karrusela ikustera eta beste hainbat bilduko dira hurrengo egunean, hau da, otsailaren 25ean hiriko Autodromoan folklore ikuskizunak ikustera. 



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia