Caracas, Venezuela. Caracasko Euskal Etxeak badaki San Fermin jaiak antolatzen; izan ere, entzierro eta guzti ospatzen ditu, benetako zezenekin --zezenska edo bigantxekin-- eta mundu osoan honela antolatzen duen euskal etxe bakarra geratu da. Zezenak Tribiño ganadutegikoak izan dira, “handiak eta suharrak” EEko zuzendaritzako kide Pedro Arriaga Aguirreren esanetan, eta ‘Kalimotxo’ eta ‘Viento de Agua’ zeukaten izena.
[Entzierroa Caracasen (bideoa Caraboboko EE)]
Baina entzierroa jardun nagusia bada ere, beste aktibitate batzuk ere egitn zituzten euskal venezuelarrek Sanferminak ospatzeko, tartean, hasieran, txupinazoa, ondoren abestiak Santuaren omenean, eta egunean zehar musika eta dantza. Aurtengo jaia ordu txikiak arte luzatu zen, Caraboboko Euskal Etxeko kideak lagun.
[Kantak San Fermini (bideoa Caraboboko EE)]
Caracasko Euskal Etxeko erreferente Pedro Arriaga Aguirrek adierazi digunez, “Berriro ere Santuak lagundu zigun eguraldi onarekin, normalean oso euritsua den urtaro honetan. Eta urtero bezala, asko gozatu genuen festaz”, azpimarratuta. Jaiko argazkiak, hemen.