Iruñea-Pamplona. Sanferminetako giroaz blai gaude Iruñean joan den larunbatetik, uztailaren 6tik, datorren iganderaino, uztailak 14, aurten gainera (Pariseko Joko Olinpikoengatik datak aurreratuta) egunetan bat eginez Baionako Bestekin —asteazken honetan hasi dira eta hauek ere iganderaino luzatuko— eta beste hainbat bestarekin ere, kostaldeko hainbat herritan esaterako Karmen jaiekin, baita baita jai gehiagorekin ere, zernahi gisaz uda peto-petoan eta jai-sasoi bete-betean baikaude Euskal Herrian. Baina artikulua Sanferminak aipatuta hasi dugu; Iruñean, Lesakan eta euskal geografiako beste hainbat lekuetan ezezik Diaspora osoan ere ospatzen diren festak. Datozen lerroetan, Diasporako ospakizunetako lauren argazki eta errerentzia emango dugu, Townsville (Australia), Mexiko Hiria, Peruko Lima eta Uruguaiko Floridako euskal etxe eta ospakizunei dagozkienak.
Australiako North Queensland eskualdean, Townsville hirian, bertako North Queensland Basque Club euskal etxeak uztailak 7, San Fermin egun berean ospatu zuen bere San Fermin bazkaria, hirurogei pertsona bilduz propio apaindutako bere egoitzan Gonbidatuek ondo asko bete zuten festako ‘janzkera kodea’ eta zuri-gorriz jantzi ziren. Menua —paella eta pintxoak— Larrazabaldarrek prestatu zuten eta hitz onak baino ez zituzten jaso bildutakoen partetik egindako lan ederragatik. Argazki gehiago, hemen.
Townsvilleko 'North Queensland Basque Club'ek elkartearen egoitzan ospatu zuen San Fermin bazkaria
Mexiko Hiriko Euskal Etxean San Fermin Jaia klasikoetako bat da eta aurtengoan bere ohituren gailurretara itzuli da festa Iruñeko hasiera egunarekin batera eginez, —uztailaren 6an alegia, baina Mexikoko eguerdian hasiz— izan ere 'entzierroa’ eta guzti; zezenak (txirringa adardun moduko bat) ibilbide bat egin zuen hiriko kaleetan korrikalariak atzetik Euskal Etxea helmuga. Bertan, guztia prest zegoen festarekin segitzeko, bapo bazkaldu eta arratsalde paregabea pasatzeko, musikaz, dantzaz eta jolasez. Argazki gehiago, hemen.
Haur eta helduen ezinegon, emozio eta korrikaldia Mexiko Hiriko kaleetan Euskal Etxerainoko 'entzierroan'
Bere aldetik, Limako Euskal Etxea goiztiar ibili zen bere ospakizunetan eta uztailaren 4ra aurreratu zuen bere San Fermin hitzordua. Ekitaldiak, gainera, Euskal Etxeko abesbatzak prestatutako errepertorio bereziaren erakusgarri balio izan zuen, Franklin Chávez zuzendari duen koralak ireki baitzuen, afaltzera pasatu aurretik deitutako elkarretaratzea. Emanaldiaren ondotik, eta abesbatzaren lana esku-zarta handiz sarituta, festa giroa orokortu eta giro ederreko afariak bazkide, familia eta lagunak baitaratu zituen.
Limako Euskal Etxeko abesbatza 'Aldapeko' kantatzen, Franklin Chávez maisua zuzendari
Gaurkoan bildu dugun errepasoa, lau euskal etxeetako zaharrenarekin bukatu dugu, duela 113 urte Montevideon sortutako Euskaro Etxearen San Fermin festarekin. Antolatzaileek hilabete hondarrean den San Ignazio ere gogoan izan zuten, orduan ez baitute ospatuko. Euskarok egindako deialdira uruguaitar hiriburuko beste bi etxeak ere batu ziren, Euskal Erria eta Haize Hegoa, eta Floridako Vasconia euskal etxeko lagunek ere hartu zuten parte ospakizunean. Ikus ekitaldiko bideoa Instagramen.
Gogora dezagun, azkenik, segitzen dutela igandera arte Sanferminak Iruñean (Lesakan, Pasaian eta beste leku batzuetan bukatuak dira dagoeneko) baina baita ere Diasporako hainbat lekuetan. Gure agendak argi salatzen du datorren asteburuan San Fermin jaiak iragarrita daudela, besteak beste, Sydneyko Gure Txokoan, Boiseko Euskal Museo eta Kultura Etxean, Mendozako Denak Baten, Bolivarko Nafar Etxean, Tres Arroyoseko Hiru Errekan... eta bereziki nahi dugu aipatu Caracaseko Eusko Etxea, euskal etxeetan bakarra baita bere San Fermin festako entzierroa egiazko bigantxekin egiten segitzen duena
Gora San Fermin, viva San Fermín!