euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Sandra Ott Nevadako CBSko irakasleak AEBetako Giza Zientzien Fondo Nazionaleko beka bat jaso du

2009/03/24

Sandra Ott irakaslea (argazkia Jean Dixon /Nevada News)
Sandra Ott irakaslea (argazkia Jean Dixon /Nevada News)

PUBLIZITATEA

Sandra Ott ikerlariak, Nevadako Unibersitateko Center for Basque Studies-eko irakasleak, 6.000 dolarretako dirulaguntza jaso du National Endowment for the Humanities erakundeak emandako beka bati esker. Ott euskal kulturan eta euskaldunek Frantzia, Espainia eta Alemaniarekin 1930 eta 1940 artean izan zuten harremanetan aditua da. Beka honi esker bi hilabete oso erabili ahal izango ditu bere azken ikerketa prestatzen. 'Unibertsitatearen ordezkari izateaz oso harro nago', azaldu dio Ott-ek Nevada News aldizkariari. 'Sari hau jasotzeak asko pozten nau eta onena ematen jarraituko dut nire ikerketak eta unibertsitateko argitalpenak garatu ahal izateko'.

Reno, AEB. National Endowment for the Humanities erakundeak giza zientzien arloan interes orokorra edo akademikoa duten lanak egiten dituzten ikerlariei laguntzak ematen dizkie.  Sandra Ott irakaslearen kasuan, bere lanaren ardatzak hauek dira: euskal kultura, iparraldeko euskaldunak Vichy-ko erregimenean eta nazien okupaziopean, Pirineoz gaindiko harremanak Zuberoa, Biarno, Nafarroa eta Aragoi artean eta Frantziako historia eta kultura garaikidea.

'Nire ikerketan heri mailako giza esperientziak eta gai nagusiak, adibidez, okupazioa, uztartzen saiatzen naiz', azaldu dio Ott-ek Nevada News egunkariari. 'Horrek kultur eta hizkuntza anitzeko arloetara sarbidea ematen dit eta pertsona horien esperientzien arrastoa jarraitu eta azaltzen saiatzen naiz'.

Euskal espioitza

Ott 'War, Judgment, and Memory in the Basque Borderlands, 1914-1945' lanaren egilea da (University of Nevada Press, 2008) eta bere azken lana, 'Duplicity, Indulgence and Ambiguity in Franco-German Relations, 1940-1946', 'History and Anthropology' aldizkariaren martxoko alean agertu zen.

'Frantziako artxiboetan alemaniarren okupazio garaian kolaboratzaileak izan zirela uste dugun pertsonei buruzko ikerketa egiten dut, eta euskaldunen eta Frantzia-Espainia-Alemania arteko harremanak ikertzen ari naiz 1930-1940 garaian, euskal mugetan egon zen espioitza eta kontraespioitzan zentratuz', azaltzen du.

Hurrengo lana 2010erako

Hurrengo lana, 2010erako bukatzea espero duena, Euskal Herria eta Biarnoko mugetan 1944 eta 1946 artean nazien okupazioaren ostean egin ziren epaiketen azterketa da. Epaiketa horietako artxiboak eta dokumentuak ikertuz Ott-ek epaile, fiskal, epaimahaiko eta lekukoen profilak eta istorioak bilduko ditu.

'Nire helburua pertsonai hauek narrazioaren argitara ekartzea da, irakurleek elkarren arteko harreman konplexuak eta askotan ondorio trajikoak izan zituzten erabakiak uler ditzaten'. 

Ikerketa Pauen eta Parisen

Ott-ek ekaina Paueko artxiboetan lanean emango du, Frantziako hegomendebaldean, eta uztailean Pariseko Artxibategi Nazionaletan ikertuko du. Badaki ez dela plazerrezko bidaia izango: 'Prozesu zaila da. Gogaikarria naiz artxiboetan lanean ari naizenean, oso trinkoa da eta ez dut aisialdirik'.

Sandra Ott ikerlariaren argitalpenak, hemen: http://basque.unr.edu/.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia