Necochea, Argentina. 2023ko Euskal Aste Nazionala amaitu eta aste batzuetara, Necocheako Euzko Etxeko lagunek jarduera biziko urtarrila bizi dute. Giro ezin hobea izan da Buenos Aires probintziako kostaldean diasporaren udako ezinbesteko bi hitzorduetan: Gizataldeen Azokan eta San Sebastianeko ohiko ospakizunetan, biak ere jende asko bildu eta oihartzun handia izan zutenak. Urtarrilaren 19, 20 eta 21eko asteburuan izan zen inmigrante taldeen musika, folklore eta sukaldaritzaren onena biltzen dituen topaketa, beraz, Donostiako zaindariaren omenezko ospakizuna hurrengo astearen amaierara eraman zuten, hilaren 25etik (osteguna) 27ra (larunbata).
Danborrada San Sebastian ospatzeko eta Adriana de Ustaran, Euzko Etxeko alkate berria
Necocheako taberna ikoniko batzuetan ibilitako trikipoteo batek San Sebastian jaialdia inauguratu zuen ostegunean, urtarrilaren 25ean. Ostiralean, eta larunbatean, 27an, dantza tipikoen erakustaldiekin erromeriak egin ziren Euzko Etxeko jai aretoan. Bertan izan ziren Argentinako euskal etxe ugaritako kideak (Rosario, La Plata, Lomas de Zamora, Buenos Aires, Mar del Plata, Tandil, Bahía Blanca, Macachín eta San Nicolas hirietakoak) baita Donostiako danborjole bat ere, danborradan parte hartzen Necocheako Udal Musika Bandarekin batera.
Aurreskua dantzatu ondoren, Gazte Alai dantza taldeko kide A. Alvarez Bilbaok agurtu du 2024 osoan zehar alkate makila eramango duen Adriana de Ustaran Bilbao
Larunbat gaueko unerik espero eta hunkigarrienetako bat alkate berriaren izenaren berri ematea izan zen. Azken unera arte erabat isilpean gorde zuten Euzko Etxeko Batzordekoek hautatuaren izena. Emakumeen Azpibatzordeko presidentea den Adriana de Ustaran Bilbaoren esku geratu zen makila, eta Felipe Muguerza ordezkatu zuen karguan. Duela hamarkada batzuk Necochean bizi den Rosarioko Zazpirak Bateko bazkide ohi honen urte askotako lan handia aitortzeko erabakia biziki txalotu zuten eta alkate berriak zorion berezia jaso zuen festan zeuden lau alkate ohien partetik.
20. Gizatalde Atzerritarren Azoka
Sukaldari talde konprometitu batek Euzko Etxeko ohiko stand-baserrian Gizataldeen Azokaren hogeigarren edizioan eskainitako euskal plater tipikoak prestatu zituen
Atzerriko nazioetako dozena bat taldek partaide, Gizataldeen Azokaren hogeigarren edizioa Lillo Parkean izan zen berriz ere. Hiru gauez euren dantza emanaldiak eta sukaldaritza tradizioa eskaini zizkieten bertaratutakoei. Euzko Etxeko lehendakari Kiti Zubillagak EuskalKultura.eus-i azaldu duenez, “Azokak gure espektatibak bete zituen, edo agian, gainditu egin zituen. Krisia dela eta, jende gutxiago nabaritu da kostaldean, baina izan ziren turista horientzat aukera paregabea izan da ikuskizunengatik eta eskaintza gastronomikoagatik”. Ia atsedenik gabe, hurrengo jarduerak antolatzeari ekin dio nekotxeatarrak, hala nola Aberri Eguna, Euzko Etxearen urteurrena, neguko kirol jarduerak, tailerrak, dantza eta euskara eskolak, besteak beste.