euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

San Sebastian martxa joaz alaitu zituzten Shanghaiko bazterrak Euskal Etxeko danborrariek

2011/01/25

Shanghaiko Euskal Etxeko danborrariak estrainekoz San Sebastian martxa jo aurretik (argazkia ShanghaiEE)
Shanghaiko Euskal Etxeko danborrariak estrainekoz San Sebastian martxa jo aurretik (argazkia ShanghaiEE)

PUBLIZITATEA

Shanghain danborrak eta barrilak xelebreak dira, baina Donostiakoek adina burrunba egiten dute. Danbor eta barril gorri bitxi horiek (ikus argazkiak) hartu, eta jo eta su aritu ziren Shanghaiko Euskal Etxeko kideak joan den larunbatean Txinako hiritzarrean, San Sebastian eguna ospatzen, bertakoak zur eta lur utziz. Bi donostiar aritu ziren gidari: Estibalitz Gete izan zen danbor nagusia eta Iñigo Pons barrilen zuzendaria.

Shanghai, Txina. Shanghaiko Euskal Etxearen danborradaren debuta bikaina izan zen: joan den larunbatean, urtarrilaren 22an, estreinatu zen hiri txinatarrean, danbor burrunbarekin shanghaitarrak harrituz eta alaituz. Eguna era ezinhobean hasi zen eta elkarteko kideen esanetan "sainduak miraria egin, eta egun eguzkitsu eta gauden sasoirako nahikoa epela" egin zuen.

Danborrariak elkartearen egoitzan bildu ziren, entsegu egunak gaindituta eta ilusioaren ezinegonarekin. Arratsaldeko bostetan hasi ziren prestatzen: sukaldari eta soldadu jantziak atondu, danborrak eta barrilak hartu, eta kalera!

Jokin Arrasate eta Lili Cao ziren banderadunak, Estibaliz Gete danbor nagusia eta gainerako danborrak: Markel Otegi, Nahia Otegi, Xabi Coronado, Mikel Alvarez, Mikel Olarte, Nerea Otegi, Unai Diego, Leire Manzisidor, Igor Aramendi, Aitor Otaduy, Jokin Laspiur eta Aitor Peña. Barrilen konpainiako zuzendari Iñigo Pons aritu zen eta barril gisa aritu ziren Shali Gao, Ainara Mujika, Agustin Lekuona, Iñigo Arozena, Itziar Iraundegi, Jon Ander Garin, Ander Azkue, Ane Zaldua, Ander Zozaia, Asier Estankona, Mikel Usandizaga, Jon Sierra eta Elena Boj.

Danborrada Shanghaien 2010 (2)

[Hasteko ordua da! Nerbioak eta emozioa Euskal Etxean danborradaren debutaren zain (argazkia ShanghaiEE)]

Kuluska euskal jatetxearen aurrean dagoen galerian hasi zen desfilea, arratsaldeko seietan. San Sebastian martxak hasi zuen ikuskizuna, eta ondoren Diana, Polka, Erretreta, Tatiago eta Iriyarena doinuak jo zituzten Shanghaiko danborrariek. Errealaren ereserkiak ere bere lekua izan zuen piezen artean. Guztira, bi orduko ikuskizuna, tartean indarrak hartzeko eta poteatzeko geldiune tekniko pare bat ere eginik.

Danborrada Shanghaien 2010 (3)

[Estibalitz Gete, danbor nagusia (ezkerrean), eta Iñigo Pons (barrilen zuzendaria) danborradaren une batean (argazkia ShanghaiEE)]

Danborrada Shanghaien 2010 (4)

['Danborrada txikia' nagusiekin batera aritu zen Txinan (argazkia ShanghaiEE)]

Danborrada Shanghaien 2010 (5)

[Barril bitxi hauekin jo zuten Shanghain. Bertako euskaldunekin batera txinatar lagunak ere bildu ziren jaira, eta batzuk danborrari sena badutela erakutsi zuten! (argazkia ShanghaiEE)]

Ondoren partehartzaile guztiak, danborrariak zein ikusleak, Euskal Etxean bildu ziren, bertan banderaren igoera ofiziala egiteko. Juanito Sarasola lagunak egin zuen alkatearena eta jarraian goizaldeko ordu txikiak harte luzatu zen afaria egin zuten Shanghaiko euskaldunek. Jaia baina, ez zen hor bukatu, Euskal Etxekoa bukatuta batzuk Shanghaiko gauean jarraitu baitzuen San Sebastian jaia ospatzen. Zorionak Shanghaiko Euskal Etxeko lagunei!

 



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia