euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

San Sebastian eguneko festak Parisen eta New Yorken hasi dira eta datozen egunetan munduan zehar zabalduko dira

2016/01/18

Pariseko Euskal Etxearen San Sebastian eguneko afitxa (marrazkiaren egile Carmen Ubago)
Pariseko Euskal Etxearen San Sebastian eguneko afitxa (marrazkiaren egile Carmen Ubago)

PUBLIZITATEA

Diasporako euskaldunek aurrea hartu diete Donostia eta Azpeitiko danborradazaleei eta San Sebastian eguna ospatzen hasiak dira dagoeneko. Pariseko Euskal Etxeak larunbatean egin zuen afaria, eta New Yorkeko Euzko Etxeak igandean, biak ala biak danborrada eta guzti. Bihartik aurrera munduko beste hainbat euskal etxe ere bilduko zaizkie ospakizunei: Madril, Bartzelona, Montreal, Mexiko, Lima, Valladolid, Shanghai, Londres eta Necochea (azken hau astebeteko egitarau zabalarekin), besteak beste.

Donostia-San Sebastián. San Sebastian eguneko festa bihar abiatuko da Donostian eta Azpeitian, eta 24 orduz, danborren soinuaz beteko ditu bi herri gipuzkoarrak. Diasporan ere, euskal etxe askok bat egin ohi dute festarekin, eta aurten batzuk aurrea hartu dute, festa joan den asteburura aurreraturik esaterako Parisekoak eta New Yorkekoak.

Parisen, euskal etxeak larunbatean egin zuen festa, sagardotegi erako afari batekin. Horrez gain, Frantziako Mus Txapelketako partidak jokatu zituzten (txapelketari buruzko informazio gehiago, hemen). New York-en, berriz, Eusko Etxeak atzo egin zuen bazkari bat, eta bazkalostean danborrada jo zuten bertara bildutako lagunek. 

Madrilen, helduak eta txikiak

Madrilen, San Sebastian eguna Euskal Etxearen festa nagusienetako bat da eta urtero legez bi aldiz ospatuko dute. Hasteko, bihar urteroko afaria egingo dute, aurten Zerain sagardotegian (Quevedo 3), Adelaida Azpiolea eta bere seme Koldo Mendizabalek prestatutako jaki eta sagardo goxoarekin. Eguerdian Danborradak Sarriegi maixuaren martxa joko du, Jose María Arana Danbor Nagusiaren zuzendaritzapean.

Festaren bigarren zatia igandean helduko da.Euskal Etxearen haur danborradarekin. Hauek, ordea, Madrilen antolatuko diren hitzorduetako bi baino ez dira, hirian beste zenbait izango baitira hiriko euskal elkarte, lagun-talde eta jatetxeek antolatuko dituzten danborrada eta elkarretaratzeak.

Bartzelona, Montreal. Mexiko...

Bihar festa Bartzelona, Mexiko eta Montrealera helduko da, besteak beste. Bartzelonako Euskal Etxean afaria egingo dute eta Donostia eta Azpeitiko banderaren igoera ikusiko dute telebista bidez, danborrada joaz. Argentinan Arrecifeseko Euskaldunak Denak Bat euskal etxeak San Sebastian eguneko festa egingo du eta afaria antolatu dute tabernan. Bertaratzen direnei zuriz eta urdinez jartzeko gonbitea egiten diete antolatzaileek.

Quebec-en Montrealeko Euskaldunak elkarteak ere San Sebastian eguna ospatuko du. Bihar Mintzapraktika lantegi batekin hasiko dute festa, 17:30tan (interesa duen edonori irekia). Ondoren banderaren igoera ikusiko dute telebistan. Festak larunbatean jarraipena izango du, musika, danborrada, kantu eta pintxoekin.

Mexikon, aldiz, Euskal Etxeak urtarrilaren 23an egingo du festa, eta bertako danborradak, urtero legez, Sarriegiren martxaren doinuekin alaituko du afaria.

Astebeko festa Necochean

San Sebastian eguna bereziki bizi duen euskal etxe bat Necocheakoa da eta aurten ere, astebeteko festa egitaraua antolatu dute necochearrek. Hona egunotan egingo diren ekitaldiak:

-19an: Necocheako Aste Nagusiaren hasiera, euskal luzemetraia baten emandiarekin.

-20an: Meza Lourdesko Ama Birjinaren parrokian; ondoren danborrada.

-22an: Necocheako Euskal Etxeak Pintxo Eguna ospatuko du. Dastaketaren ostean erromeria egingo da euskal etxeko areto nagusian.

-23an: Azken eguna paella erraldoi batekin itxiko du elkarteak. Afariaren ondoren dantzaldia egingo da. 

[Beste euskal etxe askok ere ospatuko dute San Sebastian eguna, esaterako Shanghai, Caracas, Murtzia, Lima, Londres, Valladolid-ek... informazio hau idazterakoan xehetasunak oraindik heldu ez bazaizkigu ere]



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia