Euskal stand kulturala ekitaldiko gune erakargarrienetako bat izan zen Liburu eta Idazle Sanpedrotarraren I. Azokan. Anitz jende bertaratu zen iraun zituen lau egunetan abizenei buruzko informazio eske eta Euskal Herriaren mapan euren arbasoen herriak bilatzera. Bisitarien artean, euskal jatorria duen Sylvia Iparraguirre idazlea Ongi Etorri-ko lagunekin elkartu zen eta bere liburu bat oparitu zien.
San Pedro, Argentina. Hiriko elkarte italiarrak antolaturik, urriaren 3tik 6ra egin da Liburu eta Idazle Sanpedrotarraren I. Azoka, bertako hainbat gizatalde partaide. Ekitaldiak oso programa oparoa eskaini zuen eta aukera paregabea kolektibitateei euren lana eta ondare anitza erakutsi ahal izateko.
Ongi Etorri euskal etxearen kasuan, parte hartze handia izan du Feriaren lehenengo edizio honetan. Stand kultural bat prestatzeaz gain euskal etxearen kide fundatzailetako batwek, Susana Oroz-ek, bi hitzaldi eskaini zituen egitarau barruan: “Rafael Obligado liburutegiko inkunableak” eta “Hildako idazleak eta Rafael Obligado eta Anibal de Anton olerkariak oroituz".
Euskal standari dagokionez, kontsultatzeko materiala jarri zen eskuragai. Euskal etxearen bultzatzaile nagusia den Monica Mindurryk EuskalKultura.com-i laburtu dionez, “jende asko etorri zen, espero genuena baino gehiago. Bisitari ugari hurbildu zitzaizkigun euskal abizenei edo herriei buruzko informazio eske; oso aukera ona izan zen guretzat gure lana plazaratzeko, batez ere euskal etxearen liburuak kontsultarako uzteko daukagun programari buruz. Hiriko eskoletako ikasleak ere etorri ziren eta kasu batzuetan ohartu ginen irakasleak nahiko jantzita zeudela euskal gaietan eta Euskal Herriaren egoera ezagutza horretatik azaldu zietela ikasleei”.
Izen handiko bisitaria
Larunbateko programaren baitan, La Orfandad bere nobelari buruzko hitzaldi bat eman zuen Sylvia Iparraguirre idazle argentinarrak San Pedroko Liburu Azokan. Hitzaldia bukatzean, euskal standera hurbildu zen Iparraguirre, euskal etxeko jendea ezagutzeko. Bere euskal sustraiei buruz hitz egiteaz gain, La orfandad liburuaren ale sinatuta oparitu zion euskal etxeari.