euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

San Pedroko Ongi Etorri Euskal Etxea, Argentinan, euskaldunen ordezkari bertako XIII. Gizataldeen Azokan

2008/10/23

Germán Gurmindo Arana, euskal etxeko presidentea, Valentin bere semearekin (argazkia San Pedro EE)
Germán Gurmindo Arana, euskal etxeko presidentea, Valentin bere semearekin (argazkia San Pedro EE)

PUBLIZITATEA

Eguraldi txarrak lagundu ez bazuen ere, aurten hiru urte bete dituen San Pedroko 'Ongi Etorri' Euskal Etxeak eta bere hirurogei bat bazkideek euskal komunitateari bere lekua eman zioten joan den urriaren 12an Paraná ibai ertzean kokatzen den Buenos Aires probintziako herri honetako Gizataldeen Jaian. “Urteotan, gero eta kolektibitate gutxiago datoz Azokan parte hartzera –azaldu dio Mónica Mindurry Euskal Etxeko idazkariak Euskalkultura.com-i–, baina gu indarrez beteta gaude eta aurrera goaz”.

San Pedro, Argentina. Duela hiru bat urte --2005eko uztailaren 20ean-- jaio zenetik zenbait ekintza egin ditu San Pedroko Ongi Etorri Euskal Etxeak, tartean hitzaldiak, zinemaldiak eta honako hau, urtero parte hartu baitute Gizataldeen Azokan. Azokaren aurtengo XIII. edizioa urriaren 12an egin zen, eta Ongi Etorrik bere ohiko stand-a jarri zuen San Pedroko Udal Pasealeku Publikoan, hiriaren kostaldean, gainerako kolektibitateekin batera.

"Urtez urte, nabari da gero eta kolektibitate gutxiago datozela Azokan standa jarri eta parte hartzera", azaldu dio Mónica Mindurry Euskal Etxeko idazkariak Euskalkultura.com-i. "Izan ere, aurten Alemaniako, Mallorcako, Irlandako eta Euskal Herriko gizataldeak baino ez gara egon. Gure kasuan, indarrez beteta gatoz eta gainera bi erakunde izan ditugu lankide, ‘El Rincón de los Gauchos’ eta ‘El Fortín’, euren erreki criollo tipikoarekin".

Ongi Etorri EEa Gizataldeen Azokan 2008
[Ongi Etorri Euskal Etxeko ordezkariak ikurrinarekin San Pedroko Gizataldeen Azokako beste taldeetako kideekin batera, Argentinako San Pedro hirian (argazkia San Pedro EE)]

Maralen emanaldia bertan behera

Eguraldia lagun ez suertatu arren, San Pedroko euskaldunek ohi bezala altxatu zuten euren txosna: alde batean sukaldea eta bestean taberna kokatu zuten, euskal plater tipikoak eskaintzeko. “Horretaz aparte, txoko berezi batean, Euskadiri eta abizenei buruzko informazioa eman genien guregana hurbiltzen zirenei”, azaldu du Mindurryk.

Ongi Etorri EEa Gizataldeen Azokan 2008
[Ongi Etorri Euskal Etxearen stand-a, San Pedro hiriko Gizataldeen Azokan, 2008ko urrian (argazkia San PedroEE)]

Azokaren programak jaia amaitzeko Maral talde arrecifestar euskaldunaren emanaldia iragarria bazuen ere, eguraldiak bertan behera utzi arazi zuen, beste zenbait dantza talderenarekin batera. Bertako musikarien ikuskizun baten ondoren itxi zen azkenean aurtengo gizataldeen elkarretaratzea.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia