euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

San Nicolaseko 'Euzkal Etxea' Udako Euskal Unibertsitateko ikastaroen egoitza joan den asteburuan

2011/06/03

Joan den asteburuan San Nicolaseko euskal etxean Udako Euskal Unibertsitateko irakasleek euren hitzaldiak eskaini zituzten (argazkia UEU)
Joan den asteburuan San Nicolaseko euskal etxean Udako Euskal Unibertsitateko irakasleek euren hitzaldiak eskaini zituzten (argazkia UEU)

PUBLIZITATEA

Teknologia berrien garai honetan sareak ez dira birtualak soilik. Argentinako euskal etxe eta erakundeen artean sortzen diren loturak bene-benetakoak dira eta gero eta sendoagoak. Jakintza banatzeak jakintzaren ugalketa bermatzen du eta hori da Argentinako Udako Euskal Unibertsitateko (UEUko) arduradunen helburua euren ikastaroak euskal etxeetara eramaten dituztenean. Maiatzaren 27 eta 28an San Nicolasko euskal etxeak jaso ditu bere baitan Unibertsitateko hizlariak eta hauek proposatutako gai eta hitzaldiek lagun anitz erakarri dituzte euskal etxeko egoitzara.

San Nicolas, Argentina. Ezagunak dira oso San Nicolaseko 'Euzkal Etxea'-n (sic) gauzatzen diren proiektuak. Komunitateari -- eta batez ere txiki eta gazteei -- zuzenduta dauden “Etxe Nasaia”, “Irakurriz Hazi” eta “Diasporaren Herri Kirolak” ekintzek aurreko urteetan bezala aurten ere leku berezia dute San Nicolaseko euskaldunen artean.

Baina eguneroko eginkizunei beste proposamen bat gehitu diete pasa den asteburuan -- ostiral eta larunbatean, hain zuzen -- Euzkal Etxea-koek. Udako Euskal Unibertsitateko irakasleen eskutik euskal kulturari buruzko ikastaroa eman zen euskal etxearen egoitzan.

Ostiral arratsaldean, “Euskal etxeak, baserrien jarraipena” eta “Euskal Herriaren jatorria” izeneko hitzaldiak eskaini zituzten Mikel Ezkerro eta Jorge Beramendi irakasleek. Afalorduan, Damian Cebey lehendakariak prestatutako menu gozo batekin gonbidatu zituzten etxekoek kurtsoko partaide eta Unibertsitateko ordezkariak. Afariaren testuinguruan, UEUko ikasleen azken lanak biltzen dituzten hiru liburuak eta Carlos Irisarriren “Cursillo de Lengua Vasca (Euskara ikastaro laburra)” izenburuduna oparitu zizkioten Unibertsitateko arduradunek euskal etxeko liburutegiari.

UEU San Nicolasen 2011 01

[Udako Euskal Unibertsitateko irakasleak San Nicolasen emandako hitzaldietan (argazkia UEU)]

Egitarauari jarraituz, larunbat goizean Enrique Aramburuk “2012ko Udako Euskal Unibertsitatearen” proiektua aurkeztu zuen eta ondotik euskal kulturaren arlo askotako gaiak garatu ziren mintzaldi hauen bidez: “Euskal Herriko itsas lapurreta”, Jorge Otaño hizlari; “Euskal estatuaren historia”, Pedro Beramendi; eta “Euskal abizenak”, Jorge Beramendi. Azken azalpen honekin lotuta, euskal jatorrizko Argentinako hiru presidenteri buruz, Urquiza, Avellaneda eta Irigoyen hain zuzen, ere hitz egin zuen adituak. 

UEU San Nicolasen 2011 02

[Euzkal Etxea-ko lehendakaria den Damian Cebey-k prestatu zituen afaldu eta bazkaltzeko menuak (argazkia UEU)]

Ikastaroarekin bukatzeko, agiriak eman zitzaizkien partaideei eta euskal etxeak azken bazkari bat eskaini zien mintzalariei. UEUko ordezkariek esker beroak eman nahi dizkiete San Nicolaseko euskal etxeko kideei egindako harreragatik. “Aipatu behar dugu ekintza hau burutu ahal izateko kide guztiek egindako ahalegina. Batez ere, Damian Cebey eta Mariangeles Domenech Ocariz idazkariarena”, azpimarratu dute Unibertsitatetik. El Norte herriko egunkariak ekimena hedatzeko lagundu zuen horren berri emanez.



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia