San Nicolas, Argentina. Abendua heldu eta hego hemisferioko egutegian ikasturtea ixteko garaia da. Hego konoko euskal etxeetan, gainera, bat egiten du Euskararen Nazioarteko Eguna ospatzearekin eta udako etena baino lehen ikastaroak eta jarduerak ixtearekin. Aurten San Nicolaseko Euskal Etxeak oso era berezian ospatu nahi izan du. Larunbat honetarako Udal Auditoriumean 20etan iragartzen duen “Euskal Gaualdia”, euskal etxeko dantza taldearen ideia bat izan zen eta ziur daude gau gogoangarria izango dela guztientzat.
Programak dantza, musika, euskara eta sorpresa batzuk baitaratuko ditu. Euskal Etxeko Igaraba dantza taldea eta Errekatarrak abesbatza arituko dira taula gainean. Koralak, besteak beste, Ereserkia Euskadiri abestuko du. Izango da, "jakina, euskarari eskainitako momentu bat, hitzak eta esamoldeak partekatzen". Halaber, Arrecifeseko Euskal Etxeko dantzariak eta San Pedroko Mallorcako gizataldeko lagunak gonbidatu etorriko dira.
Eta ondoren erromeria euskal egoitzan
Gaua ez da bertan amaituko, erromeria batekin jarraituko baitu Euskal Etxearen egoitzan. Bertako lehendakari Ana Maria Erausquinek Euskalkultura.eus-i kontatu dionez, EEko jarduerak ixteko festa desberdina egin nahi izan dute, gainerako "herritarrak euskal kulturara hurbildu eta euskal elkarteak garatzen dituen ekintzak ezagut ditzaten eta, nork daki, bateonbatek bat egin dezan", adierazi dio buletin honi. “Komunitateari ateak erabat irekita bizi den euskal etxea izan nahi dugu”, amaitu du.
Euskal Gauerako sarrerek 700 peso balio dute eta salgai daude euskal etxean.