euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

San Nicolaseko Euskal Etxea euskal gizataldearen ordezkari hiriaren 270. urteurren kabalkadan

2018/04/17

Euskal partaidetza San Nicolas hiriaren 270. urteurrenean
Euskal partaidetza San Nicolas hiriaren 270. urteurrenean

PUBLIZITATEA

Bat egin zuen Euzkal Etxea elkarteak San Nicolaseko beste hainbat elkarte, erakunde, eskola eta indar bizirekin hiriaren 270. urteurrena ospatzeko. Desfile zibiko-militarrean ikurrina ere ikusi ahal izan zen bandera argentinarraren ondoan. Bestalde, bere programa solidarioen baitango bi ekitaldi iragartzen ditu Ana Maria Erausqui buru duen Euskal Etxeak: gaur, Irakurriz Hazi; datorren asteazkenean, Etxe Nasaia.

San Nicolas, Argentina. Zalaparta handirik egin gabe gizarte lan erraldoia egiten du San Nicolaseko Euskal Etxeak bere komunitatean. Egoitzako ateak irekita daude eta hiriko eskoletako ikasleak ongietorriak dira bai euskal kultura ezagutzera bai gosari edota bazkari sendoez gozatzera.

Gaur bertan eta laguntasun proiektuen barruan 3 Zenbakidun Eskolako bigarren mailako ikasleak jasoko dituzte Euskal Etxeko lagunek Irakurriz Hazi izeneko programaren saio berri bat gauzatzeko. Programaren asmoa irakurmena sustatzea da eta irakurmenaren bidez Euskal Herriko kultura ezagutaraztea. Ekitaldia Euskal Etxeko liburutegiarekin batera egiten da eta ondotik bazkaria eskaintzen zaie neska-mutilei.

Datorren asteko asteazkenean, berriz, Etxe Nasaia proiektuaren saio berri bat egingo dute sannicolastarrek. Etxe Nasaian lehenengo mailako ikasleek bisitatzen dute Euskal Etxea eta euskal kultura ezagutzeko mota askotako ekintzak egiten dituzte. Oraingo edizio honetako protagonistak ‘Estanislao López’ Eskolako ikasleak izango dira eta joslatu ondoren bazkaria ere emango zaie txikiei.

San Nicolas-en 270. urteurrena

Apirilaren 14an jai handia bizi izan zuten San Nicolaseko lagunek hiriak 270. urte bete baitzituen. Urtebetetzea ospatzeko San Martin Parkeko berrikuntza lanak inauguratu zituen Udalak eta desfile zibiko militar batean parte hartzera gonbidatu zituen hiriko elkarteak. Euskal Etxearen izenean, Leandro Gil Mutti eta Isidoro Gil Mutti banderadunek eraman zituzten Argentinako bandera eta ikurrina.

Elkarteko egungo lehendakaria den Ana Erausquinek EuskalKultura.com-i azaldu dionez, “hiriaren sortzailea Rafael de Aguiar izan zen. Bere emazteak, Paulina Ugartek, euskal jatorria zuen. Historiak dio Aguiarrek fundatu zuela hiria aitaginarrebak utzitako lurretan. Lurren toki honetan abereek bazuten lekua ibaira jaisteko, ura hartzeko”, jakinarazi digu etxeko presidenteak.

Hurrengo ekintzak

Datozen asteei begira, garrantzi handiko hitzordua du Euskal Etxeak baina kasu honetan hiriburuan. Maiatzaren 6an, sukaldari sannicolastarrek ‘Buenos Airesek Euskal Herria ospagai’ jaialdian hartuko dute parte euren paella erraldoiarekin. Euskal Etxean bertan egiten diren ekintzek ere aurrera jarraitzen dute, tartean euskara eskolak, dantza klaseek eta abesbatzak.


Argazki galeria



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia