euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

San Nicolaseko EEak irmo segitzen du bere proiektu solidarioarekin eta lau 'Mini Etxe Nasaia' egingo ditu aurten

2013/10/24

‘Etxe Nasaia’ programari esker milaka umerengana iristen da San Nicolaseko Euzkal Etxea (argazkiaNanomade)
‘Etxe Nasaia’ programari esker milaka umerengana iristen da San Nicolaseko Euzkal Etxea (argazkiaNanomade)

PUBLIZITATEA

'Etxe Nasaia' programaren aurtengo edizioak azken hamaika urtekoen helburu bera dauka, esan nahi baita San Nicolas hiri eta partiduko eskoletako umeei bazkari bat eskaini eta euskal kultura aurkeztea. Kasu askotan, arazoa da hiritik urrunxeago dauden herri batzuetako ikasleak ezin direla erdiguneraino mugitu; baina euskal etxeak irtenbide bat ere prestatu dio horri, eta elkarteko kideak mugitzen dira herri horietan ekitaldiak egitera. Horrela ume ugarik ezagutuko dituzte euskal etxe baten giroa eta euskal nortasunaren alde onenak. La Emilia eta Rojo herrietan burutu ondoren, hurrengo hitzorduak Campos Sallesen eta Conesan izango dira.

San Nicolas, Argentina. Bizi bizirik dago oraindik nikolastarren bihotzetan 'Etxe Nasaia' programaren hamargarren urtemuga ospatzeko egin zen mega edizioa. Eta gogoratuko ez dute, bada, hiriaren plaza nagusian burututako jaian mila ume bildu baziren eta Ibarretxe lehendakaria propio joan bazen San Nicolasera ekintzan parte hartzera.

Baina X. urteurreneko ‘Etxe Nasaia’, bere arrakasta eta pasadizoekin, iraganean geratu da eta euskal etxeko kideek aurrera jarraitzen dute gizarteko sektore ahulak babestea helburu duen proiektuarekin. Izan ere, 2013 honetan berriro jarri dute martxan dagoeneko klasiko bat den ekimen solidarioa.

San Nicolaseko Etxe nasaia 2013 01

[Sukaldea, herriko plaza, kanpin edo berdegune batean muntatzen da etaeuskalk etxeko sukaldariek bertan prestatzen dute bazkaria. Aipatu behar da lan arras ona egin dutela lagunek: ekitaldiaren aurretik, barazkiak zuritzen eta txikitzen; jaiaren bertan, paella ontziez arduratzen (argazkiaNanomade)]

Euzkal Etxean euskara irakasle den Natalia Hormazabalek EuskalKultura.com-i adierazi dionez, “aurtengo ekitaldietan parte hartuko dute zenbait umek ezin izan zuten iazko ‘Mega Etxe Nasaia’ra etorri; horregatik joaten gara gu haiengana. Elkarretaratze hauek normalean egiten ditugunak baino txikiagoak direlako, ‘mini’ deitzea erabaki dugu”, azaldu du Hormazabalek. Eta ‘mini’ izan arren, etxeko sukaldarien ehunka neska-mutikoentzat prestatuko dute bazkaria.La Emilia herrian 265 txiki elkartu ziren eta Rojon 165.

San Nicolaseko Etxe nasaia 2013 02

[Ekitaldi bakoitzean, herri bereko artistek ikuskizun bat eskaintzen dute eta Argentinako bandera jasotzen dira, eskoletako kooperatibismoarena eta ikurrinarekin bateraa (argazkiaNanomade)]

“Herrietako eta zelaietako eskoletako ikasleek hartzen dute parte Etxe Nasaia programan”, jakinarazi digu irakasleak. “Campos Sallesen azaroaren 1ean egingo denera, beste 250 bat ume joango dira, eta Conesakora, data zehatza oraindik ez badugu ere, badakigu txiki andana bilduko direla”.

San Nicolaseko Etxe nasaia 2013 03

[Mahai luzeetan kokaturik eta euskal erakundeko kide eta andereñoek zerbitzatuta, arroza oilaskoarekin jan eta aisialdirako egun bat disfrutatzeko aukera dute ikasleek (argazkiaNanomade)]

Gogora dezagun Etxe Nasaia Programa 2001ean sortu zela, Euzkal Etxearen eskutik Argentina pairatzen ari zen krisi ekonomikoaren ondorio larriak eskola-umeen artean leuntzen saiatzeko asmoarekin.



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia