San Nicolás, Argentina. San Nicolás hirian koru jarduerarekiko zaletasun handia dago, talde ugari daude etaohikoak dira eliza eta antzokietako abesbatzen topaketak. Joan den larunbatean, urriaren 26an, bere 80. urteurrenaren ospakizunen baitan, bertako 'Euzkal Etxea'ren txanda egokitu zen eskualdeko abesbatzen topaketa bat egiteko. “Errekatarrak” abesbatzak bere egoitzan jaso zituen “Coral de los Arroyos”, Máximo Paz hirikoa (Santa Fé probintzia), eta “Leonardo Castillo” abesbatza, Ramallo hirikoa (Buenos Aires) eta hiruek kontzertua eskaini zuten, aretoa betea. Kontzertua bukatutakoan, erromeria hasi zen, egun gutxi barru Bahía Blancako Euskal Aste Nazionalean Euzkal Etxea ordezkatuko duen dantzari taldearen lagungarri.
Duela 12 urte Jorge Mena zuzendari, Errekatarrak 18 lagunek osatzen dute, 4 ahotsetan banatuta. Perkusio jotzaile bat eta txistularia ere baditu, euskal kantutegiko obrak interpretatzearren. Horrez gain, topaketan aritu ziren beste bi abesbatzek bezala, Argentina eta Latinoamerikako errepertorioa ere jorratzen du. Duela gutxi sortutako Ramallo hiriko "Leonardo Castillo" abesbatza, berriz, hogei bat abeslarik osatzen dute. Koralak Leonardo "Negro" Castillo poeta ramallorraren lana zabaltzea du helburu, eta Jorge Menak ere zuzentzen du. Azkenik, Santa Feko Coral de los Arroyosek Guillermo Bufarini dauka zuzendari eta 20 urte baino gehiagoko ibilbidea duen taldea da. Hiru taldeek kontzertu txalogarria eskaini zuten.
Errekatarrak abesbatzak, Jorge Mena zuzendari, antolatu zuen koru topaketa Euskal Etxean
2024an zehar Errekatarrak-ek kantatu izan du, besteak beste, Cañuelasen Aberri Eguneko ospakizunean, Pergaminon antolatutako Diasporaren Eguneko ekitaldian, Rosarion, Villa Constitución-en, eta laster, Euskal Aste Nazionalean ere egingo dute. Taldeak koruen topaketa itxi zuen “Ikusi mendizaleak” abestuz, akordeoi, txistu eta perkusioz. Abesbatzek interpretatu zituzten besteak beste Jorge Do Prado, Ramón Ayala, Ramón Navarro, Leguizamón eta Castilla bezalako egile eta konpositoreen lanak. Kontzertuaren amaiera formala Leonardo Castillo eta Alberto Sararen "Cuando el hombre va en camino", 4 ahotsetarako moldatutako guajirarekin iritsi zen, 3 koruek batera abestuta. Jai giroak eta abestiek goizaldera arte jarraitu zuten.