San Nicolás, Argentina. Euskal gastronomia eta eraldaketa instituzionala izango dira irail hondarrean aztergai Euskal Etxeetako kideei zuzendutako tailerretan. FEVAk antolatuta, topaketak irailaren 28an, larunbatean, egingo dira San Nicolaseko Euzkal Etxean. Tailer bakoitzean gehienez bi ordezkarik hartuko dute parte euskal etxe bakoitzeko, eta izena emateko azken eguna irailaren 14a izango da. Halaber, iluntzean, eta Eraldaketa Instituzionaleko tailerra amaituta, FEVAko Zuzendaritza Batzordearen bilkura egingo da.
Gastronomia Tailerra San Nicolas bertako sukaldarien taldeak koordinatuko du. "Euskal gastronomia zabaltzea" eta "Euskal Etxeak bazkaltiar askorentzat janari sinpleak prestatzen trebatzea, elkartearen ekimenentzako diru-iturri izan daitezkeelakoan" ditu helburu. Horretarako, zenbait gai jorratuko dira, hala nola, osagaien kopurua atera behar den anoen kopuruaren arabera kalkulatzea, eta kostoen kalkulua. Bi kasu praktiko landuko dira. Tailerreko kideek larunbateko bazkari eta afaria prestatu eta zerbitzatzeko ardura hartuko dute.
Erakundeen Eraldaketarako Tailerrari dagokionez, aurtengo bigarren topaketa izango da, aurrekoa bezala, Zazpirak Bat Euskal Etxeko lehendakari Guillermo Canut Garramiola gidari. Gogora dezagun lehenengoa Rosarion izan zela ekainaren hasieran, partaidetza handiarekin. Gai-zerrendan, besteak beste, gizarte-eraikuntza, identitatea eta kidetasuna, sormena, berrikuntza eta ideien balioa aztergai. Euskal Gizataldeen VIII. Mundu Batzarreko ondorioekin bat, ekarria egin nahi dio Euskal Komunitate Globala eraikitzeko xedeari. Ekainean bezala, Euskal Etxeen etorkizunari lotutako gaiei buruzko hausnargune bat sortzea du helburua, baita planifikatutako hazkunderako tresnak eskaintzea ere.