San Nicolás, Argentina. Aretoa jendez mukuru izan da San Nicolaseko Euzkal Etxeko truko eta mus jokalarien taldeak antolaturiko Urteko Afariaren emaitza, pasa den maiatzaren 20an, larunbata. Bazkideek, zuzendaritza batzordeko kideek, lagunek eta Euzkal Etxeko sukaldaritzaren kalitatea ezagutzen duten hamaika sannicolastarrek, eskuragarri zeuden 120 txartelak hamar egunetan agortu zituzten eta gogotsu dastatu zuten menu tipikoa, pintxoak eta paella klasikoa barne.
“Urteroko afaria deitu diogu, baina aurten, jende andana bat bildu da eta hain arrakasta handia izan duela ikusita, eta jendeak hala eskatuta, beste afari bat egin beharko dugu, seguruenik irailean” azaldu dio Euskalkultura.eus-i San Nicolaseko Euzkal Etxeko lehendakari Ana María Erausquinek. “Ostiraletan elkarteko kintxoan musean eta trukoan jokatu ondoren afaltzeko elkartzen diren mutilek antolatu dute afaria", argitu du.
Truko eta mus taldea
"Oso talde gautxoa dira", segitu du, "oso langilea eta laguntzailea, eta euskal etxeak eskaintzen diena, hots, lagun artean egoteko gune hori eskertzeko, ekimen hau garatu dute. Afariaren onura euskal etxeak behar duenera bideratzen da. Oraingo honetan, esaterako, 'Buenos Airesek Euskal Herria ospagai' jaialdira joateko aukera emango digu”, gaineratzen du Anak.
Hauek dira truko eta mus taldeko jokalariak, erantzun bikaina izan duen Urteko Afaria antolatu dutenak: Mario Blume, Marcelo Kirpach, Hector Rodriguez, Nestor Campora, Damian Lacoume Lembeye, Larry Larivera, Daniel Pagano, Marcelo Valentini, Hector Mazzolini, Dario Casella, Fernando Wagner, Nicolas Monti, Roberto Gaitan, Juan Fregoso eta Gustavo Maldonado.
'Biloben Lege'ak Diasporan piztu duen interesa
Gustavo Gonzalez Truyolsek “Biloben Lege”ari buruzko hitzaldia eskaini du Euzkal Etxean
Bestalde, joan den astelehenean, maiatzaren 29an, San Nicolaseko Euzkal Etxean, “Memoria Demokratikoaren Legearen 8. xedapen gehigarria” izenburupeko hitzaldi informatiboa eskaini zuen Espainako kontsulorde Gustavo González Truyolsek. 'Biloben Legea' bezala ezaguna dena, erbesteratuen ondorengoek Espainiako nazionalitatea eskuratzea ahalbidetzen duen araudi berria da. Ekitaldia euskal elkarteak eta San Pedroko Espainiako Ohorezko Kontsulordetzak antolatu zuten eta interes handia piztu zuen San Nicolasen.