euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

San Miguelgo 'Askatasunaren Bidea'k urte bat bete du eta hirian euskal kultura zabaltzen segituz ospatu du

2010/07/09

Hitzaldia bukatuta, Mariana Fernandez Castelli 'Askatasunaren Bidea' elkartearen sortzaileetako batek opari bat eman zien Koldo Zabalondo eta Maite Oiangurenen bere emazteari
Hitzaldia bukatuta, Mariana Fernandez Castelli 'Askatasunaren Bidea' elkartearen sortzaileetako batek opari bat eman zien Koldo Zabalondo eta Maite Oiangurenen bere emazteari

PUBLIZITATEA

“Ibilbide aske eta hierarkiarik gabeko elkarte” gisa jaio zen San Miguelgo 'Askatasunaren Bidea'. Horrela aurkeztu zuten beren burua sortzaileek euskal komunitatearen baitan duela urtebete eta horren arabera aritu dira ekintzei eta proposamen berriei ekin dieten bakoitzean. Pixkanaka, elkarte berria Euskal Herria ari zaie hurbitzen San Miguelgo euskaldunei, batez ere hitzaldi eta ikuskizunen bidez. Urtebetetzearen inguruan, pasa den larunbatean, uztailaren 3an hain zuzen, Koldo Zabalondok "Euskal Herriko armagintzaren historia"ri buruzko hitzaldia eman zuen Askatasunaren Bideak gonbidaturik. FEVAko idazkari Marta Abarrateguik lagundu zuen elkarte berria hiriko Angel D´Elia Institutuko Areto Arrosan gauzatutako mintzaldian.

San Miguel, Argentina. "San Miguelen abizen euskaldun asko daude, eta orain arte ez zegoen jendearenganaino hel zitekeen inongo proposamenik, ezta Euskal Herriko kulturari buruzko informazioa eman zezakeen erakunderik ere", azaltzen zioten iaz EuskalKultura.com-i talde berriaren sortzaileek. Hutsune hori betetzeko helburuarekin jaio zen 'Askatasunaren Bidea' eta lan gogor egin zuten arduradunek, haiek ikusten zuten beharrari erantzuna emateko.

2009ko uztailean Koldo Zabalondo arotzak prestatutako hitzaldi batekin aktibitate zerrenda luze bati ematen zioten hasiera sanmigueldarrek. Geroztik, Euskal Herriko musikari batzuk pasatu ziren Buenos Aires probintziako hiri honetatik, tartean Janire Egaña, Joxi Gonzalez eta Xabaltx. Ekin Dantzari Taldeak ere bere ikuskizunak eskaini zituen San Migueleko agertokian.

Orain, urtebete pasa eta gero, Zabalondo bueltatu da 'Askatasunaren Bidea'ko kideengana, "Euskal Herriko armagintzaren historia" kontatzeko. Hizlariak argazki eta bideoez baliatuz, bildutakoen arreta harrapatu zuen. Ondoren, Zabalondok berak uztarri bat oparitu zien elkarteko kideei haien gonbidapena eskertzeko. FEVAren izenean, Marta Abarrategui ere bertaratu zen San Miguelera, eta esker-agiria jaso zuen ekintzaren antolatzaileen eskutik.

Askatasunaren Bidearen urtemuga 2010 01

[FEVAko idazkari Marta Abarrateguik esker-agiria jaso zuen ekintzaren antolatzaileen euskutik]

Azkar pasatu diren hamabi hilabete hauetan, Gernikari buruz egindako aurkezpena ere behar da aipatu. Joan den ekainaren 5ean, Horacio Marottok, Ana María Palavecinok eta Teresa Zavaletak Euskal Herriaren ikurra den foru-herri honetaz mintzatu ziren jakinminez betetako jendetzaren aurrean.

Askatasunaren Bidearen urtemuga 2010 02

[Horacio Marotto Gernikari buruzko aurkezpenean]

"Jadanik urtebete daukagu eta poz-pozik gaude. Badakigu gauza frango egin behar dugula oraindik baina bideratuta gaudela esan dezakegu, eta gure hirian kultur proposamen berria eraikitzen ari garela bistan dago", azaltzen du bozkarioz 'Askatasunaren Bidea' elkartearen sortzaileetakoa den Horacio Marottok. "Etorkizunari begira, berehalako xede gehiago ditugu: alde batetik, eta Zabalondok aurkeztu duen gaia garatzeko, “Tasio” pelikula proiektatzea; beste alde batetik, hurbil dauzkagun euskal jatetxeak bisitatu; euskal etxeetako ekitaldietan parte hartu; eta bukatzeko, eskualdean kokatu ziren euskaldunen 'Oroitzapenen Artxiboa' antolatu”, komentatu du Marottok.



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia