Gernikari buruzko gogoetaldia urriaren 15ean, goizeko 9etatik arratsaldeko 3etara, egin zen, Ángel D´Elia Institutuko instalazioetan
Ángel D´Elia Institutuko Kultur Zuzendaritzak eskaturik, Gernikako bonbardaketari buruzko gogoetaldi bat antolatu zuen Buenos Aires probintzia argentinarreko San Miguel herriko Askatasunaren Bidea euskal elkarteak, nerabe eta helduei begira. Tailer gisa eratutako ekitaldia bukatzean, gaiarekin lotura zuten artelanak sortu zituzten partaideek.
San Miguel, Argentina. “Gernika, gizakion ankerkeriari buruzko ezinbesteko hausnarketa. Esanahi berriak artearen bidez: Pablo Picasso” izenburua hartu zuen jarduerak, San Miguelgo Askatasunaren Bidea euskal elkartea partaide, urriaren 15ean, hiriko Ángel D´Elia Institutuan. Arduradun aritu ziren Silvia Elena Garay eta Ana María Palavecino arte irakasleak, Mariana Fernandez Castelli historia irakaslea eta Mercedes Cremona Institutuko zuzendaria eta literatura irakaslea. Helburua: kultur adierazpenen eta prozesu historikoen artean loturak bilatzea, kasu honetan Pablo Picassoren ‘Gernika’ koadroa adibide hartuta.
Tailerra hiru zatitan banatu zuten eta bakoitzean arlo bana sakondu zen: historia, literatura eta artea. Antolaketa honekin, Gernikako Bonbardaketaren zioak eta ondorioak aztertu ziren, testu eta artelanak ikertuta, tartean, Picassoren ‘Gernika’; eta artelanak sortzeko proposamen praktikoak agindu zituzten Garay, Palavecino eta Fernandez Castelli irakasleek. Lanen artean, maskarak, eskulturak, pinturak eta antzezlan laburrak aurkeztu zituzten ikasleek. Aurkezteko garaian gainera, hausnarketa bat konpartitu behar izan zuten bildutakoekin.
Gogoetaldiaren antolatzaileek aktibitatearen oso balantze ona egin dute batez ere partaideek erakutsitako engaiamendua gogoan hartuta. Askatasunaren Bidea elkarteko ordezkari den Mariana Fernandez Castelliren esanetan, “oso jarrera aktiboa izan zuten jardunaldian parte hartutakoek, bereziki bigarren mailako 12 eta 13 urte arteko ikasleek. Bakearen garrantzia azpimarratu zuten, eta Gernikan gertatutakoa gaur egungo egoera batzuekin –Ekialde Ertainekoarekin kasu– lotu zuten".
"Horrez gain, oso baliagarria iruditu zitzaien gertaera bati ikuspuntu ezberdinetatik –zehatzago historiaren, literaturaren eta artearenetik– erreparatzea".
Bestalde, Askatasunaren Bidea elkarteko kide Maria Jesus Andresek, Jesusa Zarandona bere amak Bonbardaketan bizi izandakoa kontatu zuen eta horrek ahozko transmisioaren balioa nabarmendu zuen. "Gure elkartearentzat erronka handia zen hau bezalako ekintza bat egitea eta hain konplexua den gai honi buruzko bestelako begirada bat ematea. Baina ziur gaude egin dugun eran lortu dugula San Miguelgo komunitatearengana iristea”, bukatu du Castellik.