euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

San Miguelgo Askatasunaren Bidea elkarteak abian jarri duen blogaren bidez zabalduko ditu bere ekintzak

2010/02/09

Askatasunaren Bidea elkarte euskal argentinarraren ikurra
Askatasunaren Bidea elkarte euskal argentinarraren ikurra

PUBLIZITATEA

Joan den ekainaren 21ean jaio zen, Buenos Aires probintziako San Miguel hirian, Askatasunaren Bidea, "euskal kultura zabaltzea eta bide aske batetik ibiltzea helburua duen elkarte euskal argentinarra". Instituzioaren ibilbidea oraindik laburra den arren, lanean daraman urte erdi honetan jende anitz bildu ditu egindako ekitaldietan. Orain, urte berriari begira, beste proposamen batez plazaratu dira elkartearen sortzaileak. Instituzioaren aktibitateak eta baita Euskal Herriko hainbat kultur gai ere blog bat medio zabalduko ditu erakunde gazteak. Blog-a Santa Ageda Bezperan jarri da sarean eta dagoeneko bisitari asko eta laguntzaile euskaldunak ditu.

San Miguel, Argentina. 'San Miguelen abizen euskaldun asko daude, eta orain arte ez zegoen jendearenganaino hel zitekeen inongo proposamenik ezta Euskal Herriaren berri eman zezakeen erakunderik ere', azaldu zioten pasa den ekainean EuskalKultura.com-i talde berriaren arduradunek. Orain, berriz, San Miguel herriarengana ez ezik, mundu osoraino helduko dira Askatasunaren Bidea-ko kideak euren blogaren bidez.

Proiektuaren bultzatzaile diren Mariana Fernandez Castelli, Maria Jesus Andres Zarandona, Elba Reggi, Nestor Fernandez, Itziar Mohr, Cesar Mohr, Nerea Mohr eta Horacio Marotto Etxezahar oso pozik daude orain arte lortu dutenarekin. Izan ere, oso denbora gutxian, arlo ezberdinetako gonbidatu garrantzitsuak jaso dituzte beren ekitaldietara. Koldo Zabalondo arotz euskaldunaren 'Haritza Euskal Herrian' izeneko hitzaldia taldearen lehenengo ekintza izan zen. Urrian, berriz, Janire Egaña (Galdakao) eta Joxi Gonzalez (Laudio) musikariek oso kontzertu polita eman zuten San Miguelgo Merkataritza eta Industria Ganberan.

Musikarekin jarraitzeko, azaroaren 7an Xabaltx abeslari lapurtarra ere aurkeztu zen San Miguelen. Aukera hartan Aingeru Ozereinjauregi eta Oihana Urkiza txalapartariek eta Ekin Dantzari taldeko kideek lagundu zuten Iparraldeko kantaria tauletan. Baina ekile euskal-argentinarrek ere euren ezagutza partekatzeko aukera izan dute. San Migel Egunean, Mariana Fernandez Castellik, Silvia Garayk, Maria Ines Mogaburuk eta Horacio Marotto Etxezaharrek hitzaldi bat eskaini zuten.

Blog berriaren diseinua eta eguneratzeari dagokionez, Horacio Marotto eta Mariana Fernandezen esku dago eta lan handia hartu dute berau osatzen. Askatasunaren Bidea elkartearen berri gehiago izan nahi duenak http://askatasunaren-bidea.blogspot.com helbidera joan baino ez du behar.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia