San Miguel, Argentina. Otsailean bagaude ere --uda petoa Hego Hemisferioan-- Hego Amerikako euskal etxe batzuk hasiak dira jadanik euren urteko plangintza iragartzen. Buenos Aires probintziako San Miguel hiriko Askatasunaren Bidea euskal etxeak euskara eskoletan apuntatzera deitzen du. Bi maila eskainiko ditu aurten elkarteak. Hasiera maila, astelehenetan izango da, arratsaldeko 3:30etatik 6:30etara. Maila aurreratuak, berriz, ostiraletan izango ditu klaseak, ordutegi berean, 3:30etatik 6:30etara.
Interesatuek, ikasle berriek zein jarraitu nahi duten aurreko urteetako ikasleek, izena askatasunarenbidea@gmail.com helbidean eman behar dute edo mezu pribatu baten bidez kontaktatu Agrupación Vasco Argentina Askatasunaren Bidea Facebook kontua medio.
Klaseak ohi bezala hiriko Sarmiento Liburutegian emango dira; leku berean elkatrteak beste zenbait eskaintza eta jarduera proposatuko ditu, tartean Euskara eta Kultura Tailerra, Maria Ines Mogabururen Literatura saioak, zinea eta hitzaldiak.