euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

San Martin de los Andesko Euskal Txokoa antolatzaile, Patagoniako I. Udalekua urtarrilaren 30etik otsailaren 4ra

2016/08/01

San Martin de los Andesko Euskal Etxokoa antolatzen ari den Udalekua izango den lekua
San Martin de los Andesko Euskal Etxokoa antolatzen ari den Udalekua izango den lekua

PUBLIZITATEA

Deialdia euskal etxeetako gazteei dago zuzenduta eta asmoa da euskal kulturan sakondu eta murgiltzea baina inguru erabat natural eta eder batean. Izan ere, egonaldia mendiez eta lakuaz inguratutako Nonthue heziketa kanpamentuaren instalazioetan izango da, Lacar lakuaren ertzean. Udalekua urtarrilaren 30ean hasiko da eta otsailaren 4an bukatuko San Martin de los Andes hiriaren urteurrenaren desfilearekin batera.

San Martín de los Andes, Argentina. Mota askotako proiektuak mahaigaineratu ziren joan den ekainean San Martin de los Andes hirian egindako Patagonia argentinarreko Euskal Etxeen I. Topaketan. Haietako bat etorkizunean euskal etxeetako buruzagiak izango diren gazteei dago zuzenduta.

Patagoniako Lehenengo Udalekua urtarrilaren 30etik otsailaren 4ra izango da, San Martinetik 50 bat kilometrora dagoen Nonthue kanpamentuan. Euskal Txokoa Euskal Etxeko lehendakaria den Manuel Bustingorryk EuskalKultura.com-i adierazi dionez, “Patagoniako Euskal Etxeen Topaketa egin genuenean, lekua bisitatu genuen instituzioko ordezkariok eta oso egokia iruditu zitzaigun. Lekua naturaz inguratuta dago, basoa, mendiak, lakua… eta uste dugu ezin hobea dela euskal kulturarekin baina baita natura eta kirolarekin lotura duten hainbat ekintza antolatzeko”.

Lekuaren kapazitateari dagokionez, 60 pertsonarentzako tokia dago eta lehentasuna izango dute Patagoniako euskal etxeetako gazteek “batez ere, haiei izugarri kostatzen zaielako beste hiri batzuetan egiten diren ekitaldietara bertaratzea”, azaldu digu Bustingorryk. “Hala ere ez dugu inor kanpoan geratzea nahi, beraz, eta lekuaren kapazitatea nahiko handia denez, uste dugu patagoniarrak ez direnek ere ahal izango dute parte hartu”.

Oraindik hilabete batzuk geratzen diren arren Euskal Txokoa-ko batzordea erabat murgilduta dago antolakuntzan. Programa eta prezioak irailean jakinaraziko dira. Hala ere, Udalekuaren azken ekintza zein izango den oso argi daukate antolatzaileek: “Otsailaren 4an San Martín de los Andes hiriaren urteurrena da eta desfilean parte hartuko dugu. Horretaz gain, euskal dantza batzuk eskainiko ditugu San Martín Plazan”, iragarri digu Bustingorryk.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia