euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

San Martin de los Andesko EEak eskainiko duen Euskal Zinema Zikloa Udal Interesekoa izendatu dute

2015/05/27

San Martin de los Andeseko euskal etxearen eskutik proiektatuko diren filmak
San Martin de los Andeseko euskal etxearen eskutik proiektatuko diren filmak

PUBLIZITATEA

Zikloaren baitan, euskal zinematografia ezagutzen hasteko lau pelikula eta ‘Kimuak’ bildumaren beste horrenbeste laburmetraia proiektatuko dira hiriko Cotesma Kultura gunean, euskal etxeko kide den Gorka Eskisabel Bontigik eta Carlos Gabilondo irakasleak koordinaturik. Emanaldiak asteartero izango dira, datoren asteartean, ekainaren 2an hasita, eta saioak hasi aurretik sarbide moduko aurkezpen bat eskainiko zaie bildutakoei. 

San Martin de los Andes, Argentina. Poz handiz jakinarazi dute sortu berria den Euskal Txokoa euskal etxeko kideek San Martin de los Andes hiriko gobernuak Udal Interesekoa izendatu duela erakundeak ekainean abian jarriko duen Euskal Zine Zikloa. Izendatze ekimena  Udalbatzako maiatzaren 21eko biltzarrean burutu zen, euskal etxeko kide eta zikloaren arduradunetako bat den Gorka Eskisabel Bontigi lagun.

Zikloari dagokionez, Carlos Gabilondo zine-zaleak aurrera daraman Euskal Zine Ziklo Ibiltariaren barruan antolatuko da eta Gabilondo bera arduratuko da lehenengo emanaldia aurkezteaz, ekainaren 2an. Guztira, lau saio izango dira, honako programa hau garatuz:

-Ekainaren 2an, “Zortzi Euskal abizen” filma eta ‘Kimuak’ bildumaren "Zarautzen erosi zuen" laburmetraia;
-Ekainaren 9an, "Kutsidazu bidea, Ixabel" eta "Belarra mozten";
-Ekainaren 16an, "Behiak" eta "Don Miguel";
-Ekainaren 23an, "Lasa & Zabala" eta "Txotx"

Pelikulak hiriko Cotesma Kultur Guneko Günter Blaas delako aretoan proiektatuko dira, iluntzeko 8:30etan eta sarrera, borondatea.

Urtebete bat

Zine zikloarekin batera, beste hainbat proposamen ditu euskal etxeak 2015 honetarako. Izan ere, ekainean bere lehenengo urteurrena ospatuko duen erakundeak Patagoniako beste euskal etxe batzuekin elkartu nahi du irailean egingo duen euskal jai batean. Elkarteko lehendakaria den Manuel Bustingorryk EuskalKultura.com-i azaldu dionez, “iaz euskal taberna bat antolatu genuen irailean eta Barilocheko euskal etxeko lagunak etorri ziren. Aurtengo asmoa da haiekin ez ezik, Patagoniako beste euskal etxe batekin ere elkartu ahal izatea gure ospakizunean”.

Ospatzeaz gain, lan proiektu batzuk ere badituzte sanmartindarrek. “Informazioa ari gara bilatzen ardi latxa batzuk lortze aldera. Badaukagu gure kideen artean Iruñekoa den lagun bat eta bera, argentinaratu aurretik, gazta ekoizpenean aritzen zen. Helburua da, beraz, hemen bertan gazta egin ahal izatea. Gauza bera patxaranarekin. Kasu honetan erabat bideratuta daukagu produkzioa. Epe luzerako asmoa elkarte autonomoa izatea da, geure diru iturriak izatea geure gastuei aurre egin ahal izateko”, azaldu dio Bustingorry EuskalKultura.com-i. 


Argazki galeria



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia