euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

San Martin de los Andes hiria, Patagonia Argentinarreko Euskal Etxeen Topaketaren egoitza izango da

2016/05/19

Patagonia Argentinarreko Euskal Etxeen I. Topaketarako gonbitea
Patagonia Argentinarreko Euskal Etxeen I. Topaketarako gonbitea

PUBLIZITATEA

Ekitaldia ekainaren 23tik 25era izango da San Martin de los Andeseko Euskal Txokoa elkartea antolatzaile eta FEVAko lehendakari Hugo Andiazabalek baieztatu du bere partaidetza, baita Argentina-Mercosur-erako ordezkari Sara Pagolak ere. Asteburu berean, Euskal Etxeak hilabetean zehar garatuko duen Zine Zikloaren azken emanaldia egingo du eta instituzioaren bigarren urteurreneko jaia ere programaren baitan ospatuko da.

San Martín de los Andes, Argentina. Bi urte baino ez dituen Neuquen probintziako San Martin de los Andeseko Euskal Etxeak hiriko euskal gizataldea ez ezik, eskualde zabalekoa ere elkartu nahi du eta helburu horrekin Patagonia argentinarreko euskal etxeen elkarretaratzea antolatu du. Ekintza ez da batere erraza –ez dezagun ahaztu San Martin de los Andesetik Rio Gallegosera 1800 kilometro daudela, adibide bat aipatzearren– baina ongi badakite antolatzaileek Patagoniako euskal etxeek elkarren antzeko errealitatea dutela eta hori hartuko dute abiapuntu elkarren arteko proiektuak sustatzeko.

Gonbitea Patagoniako euskal etxe guztiei bidali die Euskal Txokoak eta babes ofiziala izateko, FEVA eta Argentina-Mercosur-erako Ordezkaritza ere partaide egin ditu. Euskal Etxetik konfirmatu dute FEVAren izenean Hugo Andiazabal lehendakariak eta Eusko Jaurlaritzaren izenean, Sara Pagolak hartuko dutela parte Elkarretaratzean.

Topaketa ekainaren 23an hasiko da honako programa honekin:

-Ekainaren 23an, arratsaldean: ordezkarien harrera
-Ekainaren 24an, goizean: ordezkarien harrera
-Ekainaren 24an, arratsaldean: ordezkaritzen lan-mahaia, adostutako gai zerrendarekin:

a) Eskualdeko ekintzak nola sortu, sendotu eta erakundeen arteko komunikazioa nola erraztu
b) Patagoniako euskal etxeen errealitatea eta egoera
d) Bigarren topaketarako data eta egoitza hautatzea
d) Eztabaida eta ondorioak

-Ekainaren 25ean, goizean: turismo txangoak
-Ekainaren 25ean, iluntzean: Euskal Txokoak ekainean garatuko duen euskal Zine Zikloaren azken emanaldia. Saio honetan Carlos Gabilondo bera arduratuko da; aurkeztuko duen filma, Amama. Hilabetean zehar, Aupa Etxebeste, Una esvástica sobre el Bidasoa, Tasio eta Ander eta Yul izenburuek ere osatuko dute programa. Emanaldiak ekaineko asteazkenetan izango dira (azkena izan ezik), ekainaren 1ean hasiz, iluntzeko 8:30etan, Cotesma Kultur Guneko Günter Blass Aretoan.

-Ekainaren 25ean, gauean: Euskal Txokoa Euskal Etxearen bigarren urteurren jaia, Rincón de los Andes hotelean
-Ekainaren 26an, goizean: gosaria eta agurra

Egonaldiari dagokionez, antolatzaileek jakinarazten dute Topaketaren egunetan prezio bereziak egingo dizkietela euskal etxeetako ordezkariei, Euskal Txokoa Euskal Etxeko arduradunek hotel hauekin lortutako akordioak medio:

Rincón de los Andes–Mountain Resort (http://www.rinconclub.com.ar/san-martin-de-los-andes-descripcion.php)
Apart Euskaldunberri (http://www.aparteuskaldunberri.com/)
Sherpa Hostel (http://www.sherpahostel.com/)

Antolatzaileek partaidetza lehenbailehen baieztatzea eskatzen diete Patagoniako euskal etxeei. Horretarako, Manuel Bustingorry EEko lehendakaria bera (0294 154211300 – 02972 424555) edo Silvina Iñiguez kide (0294 154618718) dira kontaktuak. E-postaz ere bidali ahal da konfirmazioa, euskaltxokoasma@hotmail.com helbidera.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia