euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Har ezazu parte Chivilcoyko Euskal Etxearen San Juan suan erreko den panpina izendatzeko lehiaketan!

2011/06/09

Chivilcoy herrian iazko jaian erre zen 5 metro luzeko panpina (argazkia EE)
Chivilcoy herrian iazko jaian erre zen 5 metro luzeko panpina (argazkia EE)

PUBLIZITATEA

Euskal Herriko antzinako ohiturak eguneratu egiten dira euskal etxeen esparruan egiten den ekintza eta jai bakoitzean. Dantza, musika, janariaren inguruan sortzen diren topaketa eta ospakizunek gaur egunera ekartzen dituzte gure arbasoen sinesmen eta sineskeriak, asmoak, gustuak eta, zergatik ez, beldurrak. Duela urte batzuk eta helburu honekin, Chivilcoyko euskal etxean San Juan gaua ospatzen hasi zen. Ospakizunak arrakasta handia izan du herrian, eta lagun mordoa biltzen da panpina erraldoiaren erretzea ikusteko. Partaidetza hori bultzatzen jarraitzeko, proposamen polit bat dakarkigute aurten Beti Aurrera euskal etxeko kideek: ekainaren 20an erreko den panpinaren izena aukeratzea. Zozketa baten bidez hautatuko den izenaren asmatzaileak oroigarri bat irabaziko du.

Chivilcoy, Argentina. Ekainaren 20ean (Argentinan jai eguna, banderaren eguna baita) ospatuko da aurten Buenos Aires probintziako Chivilcoy herrian San Juan gaua (Euskal Herrian 23aren eta 24aren tarteko gauean). Aurreko urteetan bezala, 2011 honetako ospakizunerako ere bi panpina eraikitzen ari dira euskal etxeko kideak; lehenengoak bost metrotik gorako luzera izango du eta izengabea da oraingoz, eta bestea Sorgina da, sentimendu txarrekin batera sutan desagertuko den sorgina. 

Euskal etxekoak ari dira eraikitzen, bai, baina guztiok geure ideiak emaeman ditzakegu panpina erraldoiari izena jartzeko. Izenak euskalduna behar du izan eta proposamenak e-posta bidez helaraz daitezke euskal etxera -- centrovascochivilcoy@yahoo.com.ar helbidera -- edo euskal etxearen Facebook-eko horman jarri. Jasotako izenen artean zozketa bat egingo da panpinari izena jartzeko eta irabazleak euskal etxeko zapi bat jasoko du opari.

“Jai tradizional hau leku berezi bat irabaziz doa Chivilcoyko egutegian; jende anitz dator, helduak eta umeak, eta denon artean gure aiton-amonen ohiturak birsortzen ditugu. Hori dela eta komunitate osoa, adin guztietako lagunak, hemengoak eta kanpokoak – gonbidatzen ditugu gure lehiaketan parte hartzera”, adierazi diote EuskalKultura.com-i euskal etxekoek.

San Juan Gaua ekainaren 20an ospatuko da Chivilcoy-n, euskal etxearen egoitzan, Palemon Huergo kaleko 71 zenbakian.



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia