euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

San Juan suak Argentinako hainbat euskal etxetako neguaren hasiera argitu du azken asteburuotan

2012/06/27

Necocheako Euzko Etxeak piztutako San Juan Sua. Ikus erdian eta sua hartzekotan den Sorginaren panpina erraldoiaren irudia, euskal etxeko haur eta ez hain haurrek ilusio handiz eraikia (argazkiaEE)
Necocheako Euzko Etxeak piztutako San Juan Sua. Ikus erdian eta sua hartzekotan den Sorginaren panpina erraldoiaren irudia, euskal etxeko haur eta ez hain haurrek ilusio handiz eraikia (argazkiaEE)

PUBLIZITATEA

Ohitura edo sinesbide zaharrei helduta, edo besterik gabe lagunekin elkartzeko aitzakiarekin, San Juan Gaua ospatu da Argentinako euskal etxe askotan azken egunotan; beste batzuetan, General Las Heraseko Zazpirak Bat euskal etxearen kasua tarteko, datorren asteburuan izango da topaketa. Mota anitzeko ekintzak burutu dira, besteak beste afariak, dantza ikuskizunak, panpinaren erretzeak eta jolasak. Sua izan da zalantzarik gabe hitzordu guztietako protagonista amankomuna. Neguko gauei berotasun apur bat ekartzeko, Necochea, Cañuelas, Buenos Aires, Bahia Blanca eta Gral. Rocako euskaldunek San Juan sua kitzikatu dute, musika, abesti eta jauziekin. Hona aipatu ospakizunen laburpen argazkidunak.

Necochea, Argentina. Necocheako Euzko Etxea-ko lagunak izan ziren San Juan festa gauzatzen goiztiarrenak; eurak aukeratutako gaua ekainaren 16koa izan zen. Aldez aurretik aurkeztutako egitaraua jarraituz, kostaldeko hiri honetako euskaldunak zortziak aldera bildu ziren larunbatean, euskal etxearen egoitzaren ondoko eremua,n eta bertan erre zuten sorgiñaren tankera zeukan panpina erraldoi bat.

San Juan gaua 2012 01

[Necocheako Euzko Etxea-ko txikiek egindako panpina erre zen San Juan Suan, irudiek erakusten duten gisan (argazkiakEE)]

Publikoak animatuta sugarrek berehala hartu zuten zerurako bidea. Bitartean Gazte Alai taldeko neska-mutilek dantza batzuk oparitu zizkioten gauari, tartean ‘Lantz-eko Inauteria’. Bertakoa amaituta, Euzko Etxea-ko ‘Txatxoak’, ‘Zaldikoak’, ‘Ziripotz’ eta errementeriak, euskal aireak lagun, euskal etxera bildu ziren, jendearekin erromerian parte hartzeko. Txistorrak eta beste hainbat plater tipiko eskaini zitzaizkien gonbidatuei eta jaia ordu txikiak arte luzatu zen.

Cañuelas eta Buenos Airesen

Buenos Aires probintzian ere, baina hiriburutik hirurogeita hamar bat kilometrora, Cañuelaseko Denak Bat euskal etxeko kideek ere egin zioten gauari sorgin handi baten oparia.

Komunitate osoari begira antolatutako ekitaldi batean eta General Las Heraseko Zazpirak Bat euskal etxeko eta Cañuelas bertoko ‘Las Cañuelas’ eskolako ikasleekin batera, gazte multzo polit batek egin zuen dantza sugarren erritmoan. Arratsaldeko 6ak aldera elkartu ziren euskal etxearen egoitzan eta hortik, kalejiran abiatuko ziren bertatik lauzpabost kaletara dagoen eremura. Hor sorginaren panpina erraldoia erre zuten, suaren inguruan dantza eginez suak arakarri zituen lagun guztiek. Ondoren, erromeria egin zen euskal etxean eta musika ez zen isildu berandu arte.

San Juan gaua 2012 02

[Cañuelaseko azti eta sorginak kalejiran joan ziren euskal etxetik panpina erretzera (argazkiakEE)]

Argentinako hiriburuan ere piztu zen San Juan Sua. Centro Vasco Frances-Iparraldeko Euskal Etxeko Kultur Azpibatzordeak antolaturik, 2012ko Sorgin Afariak Buenos Aireseko 'sorgi'n bat baino gehiago bildu zuen kobazulo bihurtutako egoitzako kintxora. Deialdiak oso harrera ona izan zuen eta euskal etxeko kideak ez ezik, beste lagun asko ere bertaratu ziren Moreno kaleko etxera errituan parte hartzera.

Sorginkerietan hasi aurretik afaria eskaini zuten anfitrioiek. Pintxoak, lokroa (Argentinako plater kriollo  tradizionala) eta postrea dastatu eta gero, Juan Carlos Ibarrolak egindako zenbait eskulan zozketatu ziren. Ondoren, Ibarrolak berak San Juan gauari buruzko testu bat irakurri eta patiora ateratzera gonbidatu zituen bildutako lagun guztiak.

San Juan gaua 2012 03

[Iparraldeko Euskal Etxean euren desioak sutara bota zituztenei, beteko zaizkie doaike, tradizioak dixit (argazkiaEE)]

Gauerdian, une garrantzitsuena iritsi zen: San Juan sua piztekoa. Iparraldeko Euskal Etxeko deialdi honetan finkatuta dagoen eta urtero lantzen den tradizioak agintzen duen bezala, parte hartzaileek aurretik papertxo batean idatzitako euren desioak erre zituzten. Ustearen arabera, San Juan sura jaurtitzean, urte beteko epean eskatutakoa beteko da. Festa amaitu baino lehen, 'edabe magikoa' --zurrakapotea-- edan, euskal kantak kantatu eta dantza egiteko aukera izan zuten bildutako 'sorgin' eta 'azti' guztiek. Aipatzekoa da San Pedro eta Gral. Rodriguezeko euskal etxeetako ordezkariek hartu zutela parte ‘Sorgin Afarian’.

Bahia Blancan eta Nafarroaren konkistaren V. mendeurrenean

Bahia Blancako Union Vasca euskal etxeko lagunek ere ospatu zuten San Juan gaua eta zegokion gauean, ekainaren 23an, egin zuten, Nafarroaren konkistaren bosgarren mendeurrena ere gogoan. Topaketa arratsaldeko 6etan hasi zen, askari batekin, txokolate goxoa, euskal pastela, sagar opila eta erroskilak barne. Ondoren, danborrada jo zuten etxeko danborrariek eta txikienek ‘Sorgina Pirulina’ egin zuten. Jarraitzeko, jolas batzuk antolatu zituen etxeko euskara irakaslea den Rosana Entiznek. Bere eskutik, San Juan eta Amaiurreko ‘labirintoetatik’ ibili ziren eta puzzle bat osatu zuten.

San Juan gaua 2012 04

[Bahia Blancako dantzariak San Juan suaren gainetik saltatzeko ohiturari segitzen, dantzari suaren argipean (argazkiaEE)]

Abestu ere egin zen Bahia Blancako San Juan gauean, ‘Amaiur gaztelu beltza’, hain zuzen, eta iluntzeko zortziak aldera, euskal etxeko patioan sua piztuz euskal etxea bedeinkatu eta "akelarre" dantzatu zuten Beti Aurrerakoek. “Ahaztu nahi genituen zera guztiak paperetan idatzirik sutara bota eta erre ondoren guztiok ‘Zazpi jauzi’ eta ‘San Petrike’ dantzatu genituen suaren inguruan. Gero, sua baxuago zegoenean saltoak egin genituen” azaldu dio EuskalKultura.com-i Rosana Entizne irakasleak. Jaia bukatzeko txoriogiak eta patata tortila eskaini zitzaizkien bildutako lagunei.

Rio Negro probintziako General Rocan

Gral. Rocako Gure Etxea euskal etxeko kideek ere badute esperientzia handia San Juan gaua ospatzen; eta azken urteetako ohiturari jarraituz, 2012 honetan ere bertan ‘Sanjuanada’ bezala ezagutzen duten proposamena egin zieten hiriko euskaldun eta ez euskaldeunei.

San Juan gaua 2012 05

[Gral. Rocako ‘Canal Grande’ delako pasabidea izan zen San Juan suaren omenez egindako dantzen agertokia (argazkia RocaDigital egunkaria)]

“Gauza txarrak erretzeko eta onerako bidea argitzeko asmoarekin” piztu zuten sua Gral. Rocako lagunek ‘Canal Grande’ delako pasabidean. Bertan txokolate beroa eta tartak partekatu zituzten publikoarekin. Suaren inguruan, ohi bezala, dantza egin zuten hiriko euskaldunek. 



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia