euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

San Juango Eusko Etxea EEko 'Pio Baroja Liburutegia', hiriko III. Kultur Kongresuko partaide

2010/09/20

Jose Cuadra, Carina Oyola eta Ofelia Larrea San Juan hiriko Nazioko III. Kultur Kongresuan
Jose Cuadra, Carina Oyola eta Ofelia Larrea San Juan hiriko Nazioko III. Kultur Kongresuan

PUBLIZITATEA

Irailaren 15etik 19ra gauzatu da San Juan hirian Nazioko III. Kultur Kongresua. Kultur ekitaldi honen markoan foro, hitzaldiak, mahai-inguruak eta Maiatzeko Iraultzaren Bigarren Mendeurrenari buruzko hainbat ekintza antolatu dituzte hiriko agintariek. Testuinguru honetan egin da San Juanen Liburu eta Eskulan II. Azoka, eta bertako euskaldunak partaide izan dira bisita ugari jaso dituen stand batekin.

San Juan, Argentina. Euskal Etxeko liburuzain eta bazkide den Carina Oyola, Esteban Marticorena lehendakaria eta Ofelia Larrea kultur erreferentearen eskutik, San Juango Eusko Etxeak Euskal Herriari buruzko standa muntatu du hiriko Liburu eta Eskulan II. Azokan.

Azokak bost egun iraun ditu, eta gai nagusia “Euskaldunen aztarna San Juanen Bigarren Mendeurrenean” izan arren, euskal etxearen standean gai askotako informazioa jaso dute bisitariek. Euskal etxean jarduera handia daramaten Ofelia Larrea eta Jose Cuadra kideek, Euskal Herrian jaioak biak, Euskal Herria euren ikuspuntutik nolakoa den azaldu diote publikoari. Horretaz gain, Lucia Maturama irakasleak euskara klaseak eman ditu eta Paulo Landa Euskal Etxeko lehendakariordeak turismo arloko datuak ematearen ardura hartu du. Abizenen eta heraldiken esanahi eta jatorriari buruzko informazioa ere eskuratu ahal izan dute standera hurbildu diren lagunek.

San Juango II. Liburu eta Eskulan Azoka 2010 02

[Haur eskoletako ehunka umek bisitatu dute euskal standa]

Antolatzaileek aurreratu dutenez, bost mila bat lagunek, Argentinakoak baita herrialde mugakidekoak ere, hartu dute parte ekitaldian. Besteak beste, haur eskoletako ehunka umek, La Rioja probintziako Kultur Idazkariak, Mar del Platako Liburutegien Zuzendari den Maria Arracheak, eta San Juan probintziako José Luis Gioja gobernadoreak interes handiz bisitatu dute euskaldunen lekua.

San Juango II Liburu eta Eskulan Azoka 2010 01

[San Juan probintziako gobernadorea Jose L. Gioja eta Ofelia Larrea euskal standean]

“Kongresuaren testuinguruan, gure 'Pio Baroja' liburutegiak lan handia egin du azokan”, azaldu dio EuskalKultura.com-i Carina Oyola liburuzainak. “Jendeak izugarrizko jakinmina ekarri du eta gu prest egon gara galderak erantzuteko. Abizenen jatorriaz aparte, Gernikako bonbardaketa, sukaldaritza, euskal jantziak eta euskara izan dira bisitariari gehien interesatu zaizkion gaiak. Beste alde batetik, esan beharra dugu Gioja gobernadoreak hitz batzuk esan dituela euskaldunei buruz, euskaldunek gure probintzian egin duten lanari buruz”, adierazi du harro Oyolak.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia