Euskal standean, San Juango Eusko Etxeko kideak, tartean Yesica Orquera eta Diego Landa banderadunak eta Ailin Bernal eta Joseba Landa txikitxoak
Kultur Aniztasunaren Errespetu Eguna da Argentinan urriaren 12an ospatzen den jaia. Honen baitan Herrien Integrazioaren Lehenengo Elkarretaratzea egin zen San Juan probintziako Albardon herrian eskualdeko hainbat gizataldek antolaturik. Casa de Motril-ek gonbidaturik, banderadunekin eta stand batekin hartu zuen parte San Juango Eusko Etxea-k jaialdian. Euskaldunen muntatutako txokoan arropa tradizionalez jantzitako neska-mutilak ere ikusi ahal izan ziren, tartean, etxeko txiki-txikienak.
San Juan, Argentina. Historiaren inguruko gogoetak bultzatzeko eta Amerikako berezko herrien eskubideei buruzko elkarrizketa sustatzeko helburuarekin ospatzen da Argentinan, urriaren 12an, Kultur Aniztasunaren Errespetu Eguna. Egun horretan, gizataldeak kalera atera ohi dira, euren ondare kulturala erakusteko. Eta era askotan egiten dute, ikuskizun artistikoen bidez baina baita ere euren literaturaren, esku lanen eta sukaldaritzaren eskutik.
Motrilgo Etxeak gonbidaturik, San Juango euskal etxeak ere hartu zuen parte jaian beste hogeiren bat kolektibitaterekin batera. Euskaldunen kasuan, euskal etxeko banderadunek Argentinako bandera eta ikurrina eraman zituzten jaia ireki zuen desfilean eta stand kultural bat muntatu zuten Latinoamerikar Parkean. Arratsaldean zehar, euskal kolektibitateko ordezkariek eskulanak, sukaldaritza liburuak eta pintxoak eskaini zizkieten bisitariei, bi mila bat lagun, antolatzaileen arabera.
Euskal Herriko ohiko jantziz jantzita zegoen Eusko Etxea-ko jendea standean, eta xarmangarrienak dudarik gabe, instituzioko txikienak izan ziren: Ailin Bernal eta Eusko Etxeko bultzatzaile nagusietako bat den Carina Oyola Alvarez-en seme txikia, Joseba.
Jaialdian musika eta dantza ikuskizunak ere taularatu ziren eta amaiera emateko suziriek zerua argitu zuten. Eusko Etxetik esker beroak adierazi nahi dizkiote Motrilgo Etxeko Gallardori euskal etxea parte hartzera gonbidatzeagatik.