euskal diaspora eta kultura
2011/03/01
PUBLIZITATEA
San Juan, Argentina. Chascomuseko Zingirako Euskaldunak elkarteko dantzari eta ordezkariek bat egin zuten joan den otsailaren 25 San Juango euskaldunekin, hiri honetako Eguzkiaren Jaian parte hartzeko. Aurten jaiak Domingo Faustino Sarmiento maixuaren jaiotzaren bigarren mendeurrena ospatzen zuen eta euskaldunek gai honi buruzko karroza bat prestatu zuten.
San Juango Monica Marticorenak eta Paulo Landak (EEko presidenteordeak) diseinatu zuten karroza. Bi zuhaitz mitiko uztartzen ziren bertan, Sarmientoren etxeko pikondoa eta haritza. "Bi zuhaitzen fusioaren gerizpean irakaskuntza eta jakinduria irudikatu genituen, eta multzoari beroa emanez, gure eguzkia, lauburu bat", azaldu dio EuskalKultura.com-i Eusko Etxea-ko Carina G. Oyolak.
[Euskal taldea desfilearen une batean (argazkia SanJuanEE)]
Danborrada San Juanen
Euskaldunen taldeak dantza erakustaldia eskaini zuen, Chascomuseko dantzari gazteei esker. Gioja gobernadoreari aurreskua dantzatu eta txapela oparitu zioten; ikusleek fandango eta arin arinak txaloekin eskertzen zituzten bitartean. Danborradako doinuek ere arrakasta izan zuten eta jendeak saltoka erantzun zion San Sebastian Martxari.
Bestalde, Chascomuseko EEko ordezkariak hiriko intendentearekin, Marcelo Lima Pinuagarekin, bildu ziren. Limak bere amaren euskal jatorria ekarri zuen gogora. Hurrengo egunean, larunbatean, euskaldunek dantza eta danborrada ikuskizun berri bat eskaini zuten hiriko katedralaren aurrean.
[San Juan eta Chascomuseko danborrariak katedralaren aurrean (argazkia SanJuanEE)]
Esker ona
EuskalKultura.com-era bidalitako idatzi baten bidez, San Juan Eusko Etxeak eskerra eman nahi izan dizkie Chascomuseko dantzariei eta Maria Laura Eguren presidenteari eta Pedro Mauregi idazkariari, "Chascomusetik 1100 kmtako bidea egiteagatik"; FEVAri, danborrak uzteagatik; San Juango Gobernu eta Kultura idazkaritzari (Dante Elizondo eta Monica Arturo);eta elkarteko zuzendaritzari, bereziki Esteban Marticorena lehendakariari eta Ofelia Larrea eta Silvia Urbicain de Benesi.
[Dantzariak eta beste kideak desfilean pozik (argazkia SanJuanEE)]
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus