Gero eta gehiago dira Hego Amerikako euskal diasporan sanjuanak ospatzen dituzten euskal etxeak. Hotza gorabehera, edo agian hotza dela eta, –gogoratu ekainaren 21ean Ekuadorraren alde honetan hasia dena negua dela–, suak dira ekitaldietako protagonista nagusiak. Gaurko artikuluan, su eta festa horietako batzuen adibide batzuk: Buenos Aires, Bahia Blanca, Chivilcoy, Las Flores, Mar del Plata, Montevideo, Necochea eta Viedma-Patagones hirietan egindako ospakizunen argazki galeria.
Buenos Aires, Argentina. Azken asteburu honetan ospatu dira Euskal Herrian barrena San Juan jaiak. Urtero bezala, Argentina eta Uruguaiko euskal etxeek ere bat egin dute Solstizioari –Ipar Hemisferioan, udakoari; baina Hego Hemisferioan, negukoari– ongi etorria ematea helburu duen festarekin eta euren suak piztu zituzten kalean, enparantzetan edo, kasu batzuetan, euskal egoitzetn ere. Kanpoan edo barruan, Panpina edo arbak erretzearekin batera, askaria edo afaria partekatu zuten lagunek, edari bero edo gogorrak ere bai, beti hotz itzelari aurre egitea ere gogoan euki beharreko gauza izaten baita.
Eta nahiz eta gehienak pasa den asteburuan izan, beranduxeago ospatuko dutenak ere badaude. Pergaminon, datorren asteazkenean; Saladillon ostiralean eta Cañuelasen larunbatean, besteak beste.