Immigrantearen Eguna dela eta San Juanen egindako ekintzen artean, probintziako gobernuak, Migrazio Zuzendaritzak eta Kolektibitateen Federazioak, Argentinan euren jatorriko kultura mantentzen duten etorkinen erakunde batzuk saritu zituzten, tartean San Juango Eusko Etxea. Berri honekin batera Eusko Etxeko lagunek Euskadiko ordezkaria Sara Pagolaren bisitaren berri ere jakinarazi digute.
San Juan, Argentina. Cuyo eskualde argentinarra bisitatu du pasa den astean Euskadiren Argentina-Mercosur-erako ordezkari Sara Pagolak. Biraren barruan “Argentina eta Euskadiren arteko turismoaren garapena bideratzen” izenburuko hitzaldia eskaini zuen mandatariak urriaren 12an San Juan hiriko Sarmiento Legislador Liburutegian. Hitzaldiaren ostean Pagolak publikoaren galderak erantzun zituen eta Euskal Etxeak eskainitako agapean hartu zuen parte.
San Juan hirira egindako bisitaren baitan, probintziako gobernadoreorde Marcelo Jorge Lima-rekin elkartu zen ordezkaria. Bileran bi mandatariek opariak trukatu zituzten. Cuyora egindako bidaian, eta antzeko programa batekin, Mendoza hiria ere bisitatu zuen Pagolak.
Omenaldia
Pasa den irailean, Immigrantearen Eguneko ospakizun programa barruan, omenaldia egin zioten San Juan probintziako Gobernuak, Migrazio Zuzendaritza Nazionalak eta Kolektibitateen Federazioak bertako Eusko Etxeari, “San Juan probintzian euskal kultura mantendu eta zabaltzearen alde egindako lanagatik”.
Ekintza hiriko Centro Civico-ko Plaza Lehorrean izan zen eta Euskal Etxeko lehendakari Ofelia Larreak jaso zuen diploma Jose Antonio Garcia kontsulordearen eskutik.