euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

San Juan gaueko sutek eta su artifizialek etxetik kalera atera zituzten ume zein heldu, Suipachan

2007/07/14

San Juan gaua, urteko motzena, urteko magikoena, Suipachako Euskal Etxekoen eskutik
San Juan gaua, urteko motzena, urteko magikoena, Suipachako Euskal Etxekoen eskutik

PUBLIZITATEA

Gauaren ilunean, banan banan, zerura doazen txinpartak bezala, EuskalKultura.com orrira ailegatzen zaizkigu San Juan gauaren inguruko berriak. Suipacha hiriko kronika jaso berri dugu eta bertan, jolas, dantza eta jakina, suaren berri ematen digute. Ekainaren 23an, Buenos Aireseko probintzian kokatua dagoen hiri honetako Gure Txokoa Euskal Etxeak, komunitate osoa higiarazi zuen, bere desioak sutara bota zitzan. Deialdiak oihartzun zabala izan zuen eta azkenean, su bat baino gehiago piztu behar izan zuten heldu eta umeen pozerako. San Juan egunaren bezpera urtean behin besterik ez denez, heldu den urte arte itxoin behar sugarren gainetik salto egiteko.
Hitzordua, arratsaldeko lehendabiziko ordutan jarri zuten, Suipachako Brown Plazan. Izan ere urteko garai honetan, arratsaldeko 6etarako iluntzen baitu munduaren alderdi honetan. Baina hau ez zen oztopo izan Euskal Etxeko gazteriaren arduradun eta dantza irakasleek prestatutako jolasetan parte hartu ahal izateko. Bertako dantza irakasleak ederki asko ikasi zuen 2006 urtean Gaztemundu jardunaldietan Sokatiraren, Zaku Lasterketaren eta Lokotx Lasterketaren jolasak prestatzen. Horretan aritu ziren korrika, alde batetik bestera, txiki zein handiak.

[Gure Txokoa Euskal Etxeko dantzariek prestatutako sua: Sorgintzarra]

Jira eta bira suaren artean hotza kentzeko

Suipacha hiriko eskola ezberdinetako neska mutilek suak prestatu zituzten, arestian aipatu jolasetan aritu ondoren. Gure Txokoako dantzariek, aldiz, Sorgintzarra deituriko su nagusia altxatu zuten eta Euskal Etxeko presidente jaunak, Consejo Deliberanteko presidente andreak eta Kultura zuzendariak ospakizunari hasiera eman zioten sua piztuz. Orduan, sutondoan bildutako guztiek paper puxketan idatzitako desioak, sutara bota zituzten, datorren urtean bete daitezen.

Berehala, hauspo ttikiak balira, borondate onez betetako papertxoek, sua indartu zuten. Sugarren babesean susperturik, Euskal Etxeko dantzariek festaren lekukoa hartu eta bertaratutako guztiak dantzan paratu zituzten. Jira eta bira, kalejira alai batean Argentinako neguari aurre egin zioten bat-bateko dantzariok. Dena dela, San Juan gaua ez litzateke euskal besta izanen janaria bertan ez balego, eta jakina, hurbildutako guztiek jatekoa izan zuten suak iraun zuen bitartean. Bukaera ederra eman zioten solstizioa goraipatzen duen ospakizunari, su artifizialek Suipacha guztia zipriztindu eta berotu baitzuten.


Lotura interesgarriak

Suipachako Gure Txokoa Euskal Etxea
www.vascosdesuipacha.blogspot.com

Suipachako alkateak eta EEko lehendakariak plaka desestali
2007ko maiatzaren 21ean BasqueHeritage.com-en argitara emana

Suipachako Salaverri koronela Haitirako Bake Misioko buru
2007ko otsailaren 23an BasqueHeritage.com-en argitara emana

Kalean da Suipatxako Euskaldunak buletinaren ale berria
2007ko otsailaren 21ean EuskalKultura.com-en argitara emana


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia