euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

San Juan Capistranoko Historia Elkarteak euskaldunak omenduko ditu gaur, herriari eginiko ekarpenagatik

2019/09/15

Maria (Sansinena) Lacouague San Juan Capistranoko bere etxean, Camino Lacouague kalean. Gaur omenduko dute (arg. Joseba Etxarri)
Maria (Sansinena) Lacouague San Juan Capistranoko bere etxean, Camino Lacouague kalean. Gaur omenduko dute (arg. Joseba Etxarri)

PUBLIZITATEA

San Juan Capistrano, AEB. Kalifornian, San Juan Capistranoko Historia Elkarteak euskaldunak omenduko ditu, herriari historian zehar eginiko ekarpen oparoagatik. Ekitaldia gaur igandean bertan egingo da elkarteak urtero egiten duen Ondarearen Barbakoan, eguna euskaldunei dedikatuz. San Juan Capistrano, misio bezala sortu zenetik beretik izan du harremanik euskaldunekin, izan ere Fermin Francisco Lasuen frantziskotar gasteiztarra --geroago Kaliforniako misioen presidente izango zena-- izango baitzuen lehenengo apez 1775. urtean, aita Gregorio Amurrio lagun zuela.

Hastapenak izen euskaldunei lotuak, baina XIX. mendean ere honako lekuak euskaldunei lotuak agertzen dira, Orange konderrian. Bertan topatuko dugu 1880an Oyharzabal familia, Esteban izeneko osaba-ilobarekin, eta euren izena hartu zuen hotel edo ostatua, egun eraikin historiko gisa babestua dena. Lacouague familia baxenafartarrak ere laranja-ortu handiak izan zituen bertan, eta egun ere bertan bizi dira ondorengoak, Lacouague kalean hain zuzen ere, euskara oraindik ere mintzo delarik familiakideen artean, bertan euskaldun jaiotako Jean-Pierre Lacouague, Maria Sansinena ainhoarrarekin ezkondu baitzen. Besteak beste, Renee (Lacouague) Bondi kantari kristau famatuaren guraso izan ziren. Lacouaguetarren arrantxo hartan jaio zen baita ere Grace (Lacouague) Mainvil, luzaz NABOko diruzain izan zena, hau ere Kaliforniako beste euskaldun batekin ezkondua, John Mainvilekin.


San Juan Capistrano erdi-erdiguneko  Oyharzabal ostatuaren eraikina, bi pisuko adobea (arg. Joseba Etxarri)

Beste hainbaten artean bertako euskal aitzindarien artean topatuko ditugu, Oyharzabal eta Lacouague-z gain, Erreca, Etcheverry, Salaberri, Amestoy, Zozaya, Echenique, Errecarte eta beste euskal deitura gehiago, ia guztiak bi aldeetako nafarrak.

San Juan Capistrano Historical Society-k gaur egingo duen ekitaldi eta barbakoan, Los Rios kaleko bere belardian, herriko familia euskaldunetako batzuk egongo dira, eta posible izango da beraiekin herriko euskal historiaz mintzatzea. Sarrera, 50 dolar, edozein xehetasunerako, deitu Elkarte Historikora +1 949 493 8444 telefonora (Chevon Vermeulen).

San Juan Caspìstrano Historical Society-k iragarri du publikazio bat aterako duela urtea bukatu baino lehen San Juan Capistrano eta euskaldunez, gaurko ekitaldian errekonozituko diren euskaldunen biografiak tartean. Bertan izango direnen artean, Maria Lacouague eta Carmen Oyharzabal.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia