euskal diaspora eta kultura
2011/08/11
PUBLIZITATEA
Rosario, Argentina. Uztailaren 30ean gauzatu da Santa Fe probintziako hiri honetan Iñaki Deunaren omenezko afaria. Jendez betetako aretoan, eta garai bateko ohitura zaharrei segituz, euskal etxeko emakumeek plater tipikoak prestatu eta eskaini zizkieten gonbidatuei.
[Iñaki Deunaren eguneko ospakizunak Zazpirak Bat Euskal etxean (argazkia EE)]
Menua bezain gozoa izan zen Gaztedi Zutik taldearen dantza erakusketa. Euskal etxeko adin guztietako dantzariek kolore eta erritmoa jarri zizkioten gauari beren koreografia eta jantziekin. Dantzari ohiek ere hartu zuten parte ospakizun honetan. Eta aurkeztutako dantzekin argi utzi zuten sasoian segitzen dutela oraindik, garai batean bezala. Dantzatzeaz gain, abestu ere egin zuten Rosarioko euskaldunek San Inazio afarian.
Formakuntza tailerrean
Aipatzekoa da uztailaren 30 eta 31an FEVAk antolatutako II. Formakuntza tailerra burutu zela Zazpirak Bat euskal etxean. Ayacucho, Buenos Aires, Jose C. Paz, Pergamino, Posadas, Rio Colorado, San Nicolas, Villa Mercedes eta Rosarioko bertako euskal etxeetako 25 ordezkarik hartu zuten parte Ricardo Basterra eta Cesar Arrondok emandako ikastaro honetan. Tailerra bukatuta, partaideak San Inazio afarira gehitu ziren.
[Rosarion egindako FEVAko tailerrean parte hartu zuten lagunak (argazkia FEVA)]
Arrecifeseko San Inazio
Euskaldunak Denak Bat euskal etxean bi zeremonia egin ziren Loiolako San Inazio eguna ospatzeko. Uztailaren 31an, euskal etxeko zuzendaritza batzordeko kide eta dantzari batzuk erakundeko panteoira bertaratu ziren. Han hildakoen omenezko “Aurreskua” dantzatu zuen Renzo Bustos-ek. Ondoren, Immigranteen Plazan, euskal etxeko txikienek fandangoa eta kalejirak egin zituzten.
[Betiko alaitasunez egin zituzten Arrecifeseko dantzariek beren piezak (argazkia EE)]
Ospakizunaren ekintza nagusiak, ordea, joan den igandean, abuztuaren 7an, burutu ziren Arrecifesen. Goizeko 11etan meza izan zen San Jose elizan eta ondoren, elizaren aurreko plazan, dantza batzuk eskaini zituzten Euskaldunak Denak Bat-eko kideek. Kalejiran joan ziren gero euskal etxeko egoitzaraino eta han erakundeko lehendakaria den Marilin Bovedak ongi etorria eman zien gonbidatu guztiei.
[“Jendeak jakingo balu zein ondo pasatzen dugun dantzatzen ehun bat dantzari izango ginateke”, komentatu zuen Victoria Saez Abarrategui Txiki Zaharrak taldeako iraskaleak (argazkia EE)]
[Astero biltzen dira etxeko txikiak euskal dantzetan aritzeko. Eta aurrerapenak begi bistan daude (bideoa EE)]
Bazkariaren testuinguruan, eta dantzarien proposamenari erantzunez, bertako Teresa de Zavaletak Independentistak sarearen mezua irakurri zuen. “Jaietan ere, independentzia” lelopean, Euskaldunak Denak Bat-eko dantzariek dantza ikuskizun polita oparitu zioten bildutako publikoari.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus