euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

San Ignazio eguna ospatzeko egitarau berezia antolatu dute Buenos Airesen 'Laurak Bat' Euskal Etxeko kideek

2009/07/28

Dantzariak 'Laurak Bat' Euskal Etxearen aurrean 2007ko ospakizunetan (argazkia Laurak Bat EE)
Dantzariak 'Laurak Bat' Euskal Etxearen aurrean 2007ko ospakizunetan (argazkia Laurak Bat EE)

PUBLIZITATEA

Loiolako San Ignazioren eguna euskal diasporan gehien ospatzen den jaietako bat da. Batez ere urte gehien dauzkaten euskal etxeetan ekintza eta jai bereziak antolatzen dira euskal santuaren eguna ospatzeko eta Buenos Airesko 'Laurak Bat', munduko euskal etxeetan zaharrena, izan ere. Laurak Bat-ek uztailaren 31ean, San Ignazio egunean bertan alegia, hasiko ditu festak. Besteak beste musika, pilota partidak eta dantza erakustaldiak izango dira euskal etxean uztailaren 31etik abuztuaren 7ra arte.

Buenos Aires, Argentina. Munduko euskaldunek gehien ospatzen duten jaietakoa izango da San Ignazio (Iñaki Deuna, San Inazio edo bestelako izenen pean askotan). Euskal santu honen omenez euskal etxe ugaritan ekintza bereziak antolatzen dira urtero. Batzuek uztailaren 31ean, San Ignazio egunean bertan, egiten dute festa baina Buenos Airesko 'Laurak Bat' Euskal Etxean, bi asteburuz luzatuko den festa egitaraua gauzatuko dute.

Aurten uztailaren 31ean bertan, San Ignazio egunean, hasiko dituzte ospakizunak 'Laurak Bat'-en. Lehenik Euskal Etxearen sortu zeneko 132. urteurreneko meza oroigarria izango da, Callao 592 izk. Tucumán kalean dagoen Salvador elizan, 19:30ean. Elizkizunean aipamen berezia egingo zaio santu euskaldunari. Aldi berean, euskal etxeko trinketean pilota partidak jokatuko dituzte bertako pilota eskolako kideek 19:30etatik aurrera. Esku pilotan arituko dira: A. Xarrier, D. Fernández, G. Pérez, L. Savignano eta S. Gallo. Paleta eta palan berriz, Mariano Pinto, Javier Zubillaga eta Mauricio Gatti. Ondoren, pilota eskolako gaztetxoenek ere aukera izango dute euren trebetasuna erakusteko.

Abuztuaren 1ean, larunbata, lehenik Miren Arozena eta Gabi Mendiak eskainitako 'Memorias de viaje: Experiencia Udaleku (USA) y Gaztemundu (Euskadi)' hitzaldia entzun ahal izango da Euskal Etxeko Sebastian Amorrortu aretoan, 18:00etan. Jarraian musikak hartuko du protagonismoa Lagun Onak abesbatzaren eskutik. Hauek Basaldua aretoan, dagoeneko tradizionala den San Ignazio kontzertua eskainiko dute. Emanaldian pieza klasikoak abestuko dituzte, euskal klasikoen artean: Itsasoan, Maitasun Oñazea (Jesús Guridi) Herribera (Benito Lertxundi), Oles Ezkonberriak (F. Madina), Agur Maria (F. Madina), Aita Gurea (F. Madina), Maite (Sorozabal), Ama begira zazu (Zubizarreta) eta Segalariak (Elberdin), besteak beste.

Dantza eta musika gehiago

Abuztuaren 2an 'Acción Vasca eta Emakume Abertzale Batza' taldeko dantzariek hartuko dute euskal etxea eta 11:30ean, trinketean, euren dantza erakustaldia izango da. Ondoren, Euskal Etxeko kideek bazkaria egingo dute bertan. Honetarako aurrez tiketak erosi beharko dira 'Laurak Bat'-eko egoitzan. San Ignaziori eskainitako jai egitarauaren azken eguna abuztuaren 7a izango da. Honetan, Basaldua aretoan, 'Camerata Denak Bat' taldeak kontzertua eskainiko du. Xabier Iñaki de Arza Blancok zuzendutako taldeak Grace Medina biolin-jotzailearen laguntza izango du eta Juan Pedro Esnaola, Juan Bautista Alberdi, Amancio Alcorta, Luis Gianneo eta Jose Maria Usandizagaren piezak joko dituzte.

 

 



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia