euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

San Ignazio bezperetan, mundo osoko euskal etxe askok bat egingo dute gaurtik aurrera Loiolako santua ospatzen

2023/07/27

Argentinako hainbat Euskal Etxek ekitaldiak antolatu dituzte Iñaki Deuna ospatzeko
Argentinako hainbat Euskal Etxek ekitaldiak antolatu dituzte Iñaki Deuna ospatzeko

PUBLIZITATEA

Buenos Aires, Argentina. Mundu osoko hainbat lekutan gaurtik aurrera hasiko dira San I(g)nazio edo Inaki Deunaren omenezko jaiak, Jesusen Konpainia sortu zuen santu euskaldunaren eguna ospatzearren. Gogora dezagun Gipuzkoako zaindaria eta Bizkaiko zaindarikidea den Loiolako santua tradizionalki ospatu izan dela Diasporan euskaldunak egon diren lekuetan, bereziki Hego eta Ipar Amerikan, izan ere Mexikoko euskal fundazio zaharrena da hain segur 1732an sortutako San Ignazio Eskola, egun zabalik segitzen duen instituzioa, askorentzat 'Colegio de las Vizcaínas' gisa ezagunagoa.

Gogora dezagun, bestalde, egun Euskaltzaindiak 'San Ignazio' deitzea ofizialdu badu ere, tradizionalki eta XX mendean 'Iñaki Deuna' ere deitu izan dutela, Hego Ameriketan batez ere, edota santuari 'San Inazio' deitzen zaiola, esaterako, Boisen, eta baita urtero uztailaren 31aren inguruan egiten zaizkion bertako euskal festa nagusiei,  'San Inazio Festivals', Boiseko euskal komunitatearen zaindaria baita. Aipa dezagun baita ere, uztailaren 31an ospatzen dela San Ignazio Eguna —1556ko egun horretan zendu baitzen loiolatarra Erroman— eta egun hori jai eguna izan ohi dela Gipuzkoan eta Bizkaian, baina Diasporan hala ez denez, EHko beste hainbat festarekin bezala, tokian tokiko baldintzen arabera aurreko eta ondoko asteburuetan ere ospatu ohi dela.

Ospatu ere, modu askotara eta mota eta izaera askotako ekitaldi eta hitzorduekin, tartean elizkizunak, afariak, tailerrak edota, aurten Viedmako Aberri Etxearen kasuan bezala, zinema saio batekin, gaur bertan, uztailaren 27an, osteguna, 'The Mission' (1986) filma pantailaratuko baitu bere egoitzan euskal etxe patagoniar honek San Ignazio Eguna ospatzeko, filma ikusgarria edonola ere, Robert De Niro eta Jeremy Irons protagonista, eta besteak beste Argentina iparraldeko Misiones probintzian grabatu zena.

Villa Mariako Euzko Etxeak uztailaren 29an, ospatuko du San Ignazio, Lagunaren Egunarekin batera, eta, aldi berean, eta elkartearen egoitzan egingo duten afariarekin azken agurra emango diote 2023ko Anima zaitez! kultur truke programaren 6. edizioari. Egun berean, baina hegoalderago eta kostaldean, Necocheako Euzko Etxeak ere afaria eta dantzaldia antolatu du, santua ohoratzeko programa oso bat iragarriz, pilota partida eta txapelketekin, astelehenean 31an ohiko 'iratzartze alaia' [1932tik ospatzen dute Necocheako euskaldunek] diana moduarekin hiriko kaleak ibili eta euskaldunen etxeetara joanez, eta baita ere lore-eskaintzak eginez hiriari izena ematen dion jatorri nafarreko Mariano Necochea generalari, hiriaren fundatzaile Angel Murgari, Arabako Aiarako arbasoduna, eta hiri erdigunean hazten den Gernikako Arbolaren kimuari.

Santuaren egunaren bezperan, uztailaren 30ean, igandea, 11:30etan, San Nicolaseko Euzkal Etxeak omenaldia egingo dio Mitre plazan Gernikako Arbolaren kimua dagoen tokian. Ekitaldian, Etxeko dantzariek euskal dantza tradizionalak eskainiko dituzte eta plaka bat jarriko dute, Aita Aramburuk bedeinkatua.

Urtero bezala, Buenos Airesko Laurak Bat Euskal Etxeak meza eskainiko du uztailaren 31n, astelehenean, Lagun Onak abesbatza partaide, egoitza sozialaren aurreko Montserrateko Andre Mariaren parrokian. Ondoko egunetan, elkarteko pilotariek erakustaldia gauzatuko dute ostiralean, abuztuaren 4an, 19etan; San Ignazioko Kontzertu Tradizionala, Lagun Onak Abesbatzaren eskutik, abuztuaren 5ean, larunbatean, 20etan, Laurak Bateko Basaldua Aretoan; eta igandean, abuztuaren 6an, dantza tradizionalen ondoren, bazkaria partekatuko dute.

Ehun urtetik gorako tradizioa duen beste San Ignazio festa bat Arrecifeseko Euskaldunak Denak Baten eskutik etorriko da, asteburu osoko egitarauarekin. Abuztuaren 5ean, larunbata, hainbat tailer antolatu dira. Hala nola umeentzako marrazki tailerra, zeramika, Chicho Abasoloren eskutik, panderoa, Anabel Jaureguiberryren ardurapean, musa euskaraz, Pablo Pavesaren ardurapean, eta Pancho Martinich Etxaniz zaharberritzaileak zahato tailerra eskainiko du. Gauean, erromeriaren txanda eta, biharamunean, igandea, 11etan, meza San Jose de los Arrecifes-en —P. Martinichek zaharberritu berri duen San Ignazioren irudia dagoen elizan— ozen San Ignazio Martxa euskaraz abesturik, txistularien erritmoak lagun.

Ondotik, Arrecifeseko San Ignazio festetako Bazkaria txosnetan egin hala izango da, Buenos Airesko Euskaltzaleakeko eta San Nicolaseko Euzko Etxeko jakien eskaintza barne. Alaitasuna eta Elkarlanean dantza taldeak aurkeztuko dira, Mariana Dominek kantutegia aurrera eramango du, adin guztientzako jolasak egongo dira eta, amaiera gisa, gorputza dantzan jartzea gustukoa dutenek aukera ederra izango dute dantzaldi herrikoiarekin.

Asteburu horretan baita ere, larunbatean, abuztuaren 5ean, Rosarioko Zazpirak Bat Euskal Etxeak ere bat egingo du San Ignazio ospakizunekin eta festa eta ohiko afarira biltzeko gonbitea luzatu du, Entre Rios 261eko bere egoitzan, menuan pintxoak eta oilaskoa txilindron erara daudela eta ikuskizunetan Etxeko Gaztedi Zutik eta Gure Haziak dantza taldeen emanaldia.

Aurrekoak lagin bat baino ez dira, askoz gehiago izango baitira munduan San Ignazio ospatzeko ospakizunak Argentinan eta munduko euskal komunitateetan, Txileko Santiago eta Viña del Mar-Valparaisotik Madril edo Sydneyraino, tartean Boise, Corpus Christi, Azul, CaracasMexiko Hiria... Hitzordu hauetako batzuk gure agendan topa ditzakezu. Ongi egin!



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia