San Frantzisko, AEB. San Frantziskon egoitza duen baina bazkideak herrialde osoan dituen BEO (Basque Educational Organization) elkarteak mezua bidali zuen atzo gure erredakziora, plazaratu berria duten inkestaren berri eman eta bere zabalkundea areagotzeko. Euskaldunei eta euskal kulturari buruzko ezagutza bere inguru iparramerikarrean hedatu eta hobeki ezagutaraztea sortze-helburu duen erakunde honek, bere jarduna, eta bereziki artearekin zerikusia duena, eraginkorrago nahi luke bilakatu inkestaren emaitzak lagun.
"We want your opinion", "Your opinion is important", azpimarratzen dute. Hau da euren eskabide euskaratua: "Euskal Hezkuntza Erakundea (BEO) inkesta bat ari da garatzen momentu honetan, arteari laguntzeko ahaleginean ditugun aukerak eta erronkak aztertzeko (barne direla, ez soilik baina baita ere arte bisualak, literarioak, eszenikoak eta sukaldaritza arteak). Guztien berri eskuratzea interesatzen zaigu, tartean zaleenak, artistenak eta artistagaienak ere. Inkesta betetzeak ez luke 10-15 minutu baino gehiago beharko ... eta betetzeko epea larunbat hau da, urriaren 10a, eguerdiko 12:00ak AEBetako Pazifikoko ordua (EHan 21:00ak)".
"Zuetako batzuk artista eta artezale gisa identifika zaitezkete, esaterako; hala bada, agian pentsa dezakezue galdetegia bitan betetzea, behin kategoria bakoitzean (artista eta artezale gisa, kasu horretan), galderak eta esperientzia desberdinak baitira kategoria bakoitzerako. Mesedez, zabaldu gure eskabide hau zure bizikide eta ingurukoekin. Zenbat eta iritzi gehiago jaso, orduan eta hobeto. Gustatuko litzaiguke denen berri izatea! Eskerrik asko, aldez aurretik, hau burutzeko denbora hartzeagatik. Zure 10-15 minutuak zinez esanguratsuak dira guretzat".