South San Frantzisko, AEB. Ospakizun eta elkarretaratze polita egin zuten joan den asteburuan San Frantziskoko euskaldunek bertako Gure Euskal Etxea edo ingelesez Basque Cultural Center izenaz ezaguna den euskal elkartearen 40. urteurrena ospatzeko. Datozen lerro eta irudietan, argazki-kronika bat egingo dugu larunbat goizean NABOk bertan egin zuen bilkurarekin hasi eta igande arratsaldeko programako azken hitzordu eta despedidekin. Zorionak eta mila esker, hemen agertu ala ez, hau guztia posible egin zuten guztiei.
Jende askoren ahaleginen emaitza izan zen ospakizunaren arrakasta: 40 urte ez dira gutxi!
Larunbat goiz osoan, NABOren bilkura egin zen, Ipar Amerikako euskal klubetako delegatuak bildurik
Delegatuek aurrez-aurre eta online hartu zuten parte, Euskal Etxeko goiko solairuan
SFOko Gure Euskal Etxeko eta Euskal Klubeko lehendakarien ongi etorria bildutakoei
Gai asko aipatu ziren NABO bilkuran, aste honetan zehar argitaratzen ari gara horietako batzuen berri. Argazkian, momentu berezi bat: 22 urte NABOko Euskara Arduraduna izan ondoren, Wyomingeko Rock Springseko Martin Goicoecheak lekua utzi eta ordezkoa proposatu zuen: Nere Leteren eskutik, Boiseko Ziortza Gandariasenganaino iritsi eta honen izena proposatu zuten Martin eta Nerek, eta delegatuek ahobatez onartu. Azpimarratzekoa delegatuak zutitu eta txalokada eder batez ohoratu zutela Martinek --pantailan bere emazte Ronnierekin-- urte hauetan guztietan egindako lana. Mila esker, Martin!
Bazkaldu ostean, BEO Basque Educational Organization antolatzaile, Euskal Zinema saio bat eskaini zen
Philippe Acheritogarayk aurkeztu zuen ingelesezko azpitituluz pantailaratu zen zinema saioa
Pilota saioak EEaren DNAko parte dira. irudian Joko Garbiko jokalariak Ipar EHtik etorrita
Eta Euskadiko Pilota Federazioko txapeldunak, guztiak bertako Xabier Berruetak aurkezturik
Ikusleen artean, Johnny Curutchet San Frantziskoko ezterenzubiar bertsolaria, argazkian txapela buruan. Gogoratu martxoaren 12an, Gure Euskal Etxean bertan, NABO Omenaldi Berezia eskainiko zaiela Estatu Batuetako euskal bertsolariei. Johnny Curutchetekin batera, ohoratuak izango dira Jesus Arriada, Gratien Alfaro, Jesus Goñi eta Martin Goicoechea. EHtik propio etorriko dira Sebastian Lizaso eta Aitor Mendiluze; eta aurkezle/gidari/bitartekari ibiliko da euskaraz eta ingelesez Xabi Paya. Franxoa Bidaurreta izango da gai-jartzaile, Joxe Mallea ere itzultzaile. Ez galtzeko moduko aukera!
Herri afaria Euskal Etxeko kantxan, bertako sukaldariek egin eta bolondresek zerbitzatua
Bi egunetan musika eta dantzatzeko aukera Jean Flesher buru duen Amerikanuak bandaren eskutik etorri zen, taldeko partaide Jeanekin batera, Jean-Jules Flesher (SLC, Utah), Michelle Iturriria (Bakersfield, CA), Christian Iribarren (San Francisco, CA) eta Jean-Pierre Etchechury (Fresno, CA).
Igandeko egitaraua mezarekin hasi zen, 10etan, aita Renee Iturbe eta aita Mike Lastiri emaile
Meza edertzaile, SFOko Zazpiak Bat dantzariak eta Klika, Elgarrekin korala eta Johnny Curutchet bertsolaria. Irudian, Zazpiak Bat dantza taldeko kideak aldare aurrean dantzari
Meza ondoren, oroigarriak trukatu zituzten antolatzaileek eta EHko pilotariek, euren arteko urte askotako lankidetzaren lekuko
Eta San Frantziskoko Bizi Emankorra saria eman zitzaien Esther (Anchustegui) Bidaurreta, Christine (Erdozaincy) Elicagaray, Tony Espinal, Jean-Pierre Cabalette eta Pierre Labati. Honetaz artikulu bereizitu bar eskainiko dugu aste honetan, argazki ugariz
Zazpiak Bateko dantzarien emanaldia, atzean Elgarrekin abesbatzako lagunak
Eta pixkanaka, guztiak eta Klika ere erretiratzen, bolondres kuadrilak mahai eta aulkiak bazkarirako ipintzeko
Talde argazkien unea, dantzariak eta dantzari ohiak Euskal Etxe kanpoaldean bildurik
Baita San Frantziskoko Klikako kideak ere, 40 urtez Gure Euskal Etxeko parte izateaz harro
Hori gertatu bitartean, askoz lehenagotik ari ziren bazkarirako bildoskia prestatzen sukaldari bolondresak, Daniel Ourtiagueren argazkia. Roger Minhondo edota duela aste gutxi zendutako Louis Marticorena bezalako maisu eta lagunen hutsunea ez dira aise betetzekoak. Ororen buru, Gure Euskal Etxea auzolanean egindako talde-ahalegin handi bat da
Eguerdia heldurik bazkari goxoa, Euskal Herriko molde herrikoian, kantua ere tarteko
Detailea: igandean Athletic eta Realak partida jokatzen zutenez, Kaliforniako Athletic-eko Peñak hitzordua finkatu zuen Euskal Etxeko geletako batean, partida segitu ahal izateko
Sail honetako azken irudian, festako partaide txikiena: bost aste dituen Emma Amelia Alfaro eta bere ama Danielle (Espinal) Alfaro [aita Fred ondoan zegoen]. Familia bereko lau belaunaldi euskal-amerikar bildu ziren igandean San Frantziskoko Gure Euskal Etxera, birraitatxi Tony Espinal orondriztarrak Bizi Emankorra sarietako bat jaso zuela, gainera. Zorionak!