euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

San Frantziskoko Gure Euskal Etxeak bere sorreraren 36. urteurreneko festa ospatuko du datorren asteburuan

2018/02/15

South San Frantziskoko BCC Euskal Etxeko bazkaria, elkartearen kantxan, otsaileko festako aurreko edizio batean (arg. EuskalKultura.com)
South San Frantziskoko BCC Euskal Etxeko bazkaria, elkartearen kantxan, otsaileko festako aurreko edizio batean (arg. EuskalKultura.com)

PUBLIZITATEA

South San Frantziskon egoitza duen 'Basque Cultural Center' urtero otsailean ospatzen dituen festak ospatuko ditu datorren asteburuan. Karia horretara antolatutako programan parte hartuko dute besteak beste Xabier Soubelet pintoreak (EH), Begoña Echeverria idazleak (Kalifornia), Euskal Herri Hegoaldetik eta Uztaritzetik etorritako pilotariek, pilotari kaliforniar eta Mexikoko selekziokoek, Amerikanuak musika bandak... Eta, omenaldi berezia eskainiko zaie (NABOko Bizi Emankorra saria emanez) Valerie Etcharren Arrecheari; eta (San Frantziskoko Bizi Emankorra emanez), Mayte Oçafrain, Carmen Salaburu eta Mayie Sorhouet-i. AEB eta Ipar Ameriketako euskal etxeen bilerak ere egingo dira (ikus berezko ohar batean).

San Frantzisko, AEB. Asteburu luzeko (gogoratu datorren astelehena jai dela AEBetan, President's Day) ospakizunak ostiralarekin hasiko dira, egun horretan jokatuko baitira Euskal Etxeko pilotalekuan lehenengo partidak. 18:00etan, gomazko pelota, neskak (euskal etxe bertako neska pilotariak) arituko dira; eta 19:00etan, Euskal Herritik (Uztaritze) etorritako pilotariek Joko Garbi erakustaldi bat eskainiko dute. Bruno Irachabal, Pantxo Lissar, Laurent Peyroutas, Jean Phillipe Pribat eta Eneko Sarratia dira Kapito Joko Garbitik sanfrantziskoratu diren pilotariak, gehienak aurreko urteetan ere San Frantziskoko euskal etxean ibiliak. Hortik aurrera:

Larunbatean, otsailaren 17an

-15:00etan Begoña Echeverria idazle euskal-kaliforniarrak bere eleberri "The Hammer of the Witches" aurkeztuko du
-15:30etan Joko Garbi erakustaldia egingo da Uztaritzetik etorritako Kapitoko pilotariekin
-16:15etan Esku pilota partidak, Kaliforniako Tony Huarte eta Francisco Mancilla; Mexikoko  Pilota Selekzio Nazionaleko Marcos Medina eta Juan Medinaren aurka
-17:15etan Esku pilota, Euskadiko Pilota Federazioko pilotari gonbidatuen eskutik
-19:00etan Afaria, behi haragi Barbakoa; helduak 30 dolar, 12 urte azpikoek 15 (aurretik ordaindua behar du)
-21:00etan Dantzaldia, Jean Flesher eta Amerikanuak taldearen eskutik

Igandean, otsailaren 18an

-Meza aurretik txokolate beroa eta croissant-ak zerbitzatuko ditu Emakumeen Klubak, Euskal Etxeko haur eta gazteen ekimenen alde
-10:00etan Meza, aita Michael Lastirik emana, Elgarrekin Abesbatza, Klika, Txistulariak eta Zazpiak Bat taldeko dantzariak
-Ondoren, NABOren Bizi Emankorra Saria emango zaio elkarteko lehendakariorde eta lehendakari ohi Valerie Etcharren Arrecheari; baita ere San Frantziskoko Bizi Emankorra Saria Mayte Oçafrain, Carmen Salaburu eta Mayie Sorhouet-i
-13:00etan, Barbakoa bazkaria ardi haragiz, helduek 30 dolar, 12 urte arteko haurrek 15 (aurretik ordaindua behar du)
-16:00etan Esku pikota, etxeko gazteak
-16:30etan Esku pilota, Euskadiko Federazioko pilotariekin
-17:30etan Joko Garbi, Uztaritzeko Kapitoko pilotariekin

Giro onak eta animazioak segituko du ondoren. Ekitaldi guztiak South San Frantziskoko Gure Euskal Etxean, Basque Cultural Center-en egoitzan egingo dira.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia