San Frantzisko, AEB. Sartu berriak gira otsailean, urtero hilabete garrantzitsua San Frantziskoaldean, Gure Euskal Etxea edo Basque Cultural Center erakundearen urtebetetzea baita. Aurten, gainera, biribila, 40 urte beteko direlarik Ipar Kaliforniako euskal kulturarendako arima eta arras baliabide baliosa bilakatu den Euskal Etxe honen hastapena ospaturik. COVID egoera eta neurriek segitzen dute eta ez da beraz ohi bezain jendetza handia biltzen ahal, baina hala ere egoerak ahalbidetzen duena bilduko da, zientoka euskaldun batzuk, San Frantzisko eta ingurutik, eta baita urrunagotik ere. Bereziki ondarreko bi urteetan nozitu diren murriztapenekin, jendea gogoz da biltzeko; baina gogo hori, zaintzeko nahikeria eta beharrarekin uztartuko dute, eta agintariek ezarri dituzten neurriekin konbinatu. Adineko jende multxo handi batek ez du oraino ekitaldi jendetsuetan bildu nahi. Gehienek, kasu handia emanik baizik ez.
Egoera gaiztoagotzen ez bada bederen, zainduz, baina elgarretaratze sanfrantziskotarra otsailaren 19 edo 20an eginen da. Eta artista eta kirolari komitatuak Euskal Herritik eta Estatu Batuetako beste batzuetatik heldu dira. Programa NABOk eginen duen urteko lehenengo bilkurarekin hasiko da, ebiakoitz goizean, 7:00etarik goiti. AEBko eta Kanadako Euskal Etxeen ordezkari andana bat presentzialki bertaratuko da, eta beste batzuk online hartuko dute parte. Larunbatean berean, arratsaldea Euskal Zinema saio batez abiatuko da, eta ondoren pilota, Ipar Euskal Herritik ekarritako joko garbi jokalariekin --Pantxo Lissar, Antton Pribat, Jean Philippe Pribat, Eneko Sarratia, Eric Migueltorena eta Roger Aguerre-- eta Euskadiko Federaziotik esku huska arizanen diren Aitor Elizegi, David Landa, Beñat Azketa eta Joseba Aldave, Ander Martin prestatzailearekin. Gau partean, txuleta afaria, eta bukatzean, dantzaldia, Jean Flesher buru duen Amerikanuak bandarekin.
Igandean, hala nahi dutenek euskal mezarekin hasiko dute eguna, 10etan, meza-emaileak aita Antton Egiguren, aita Renee Iturbe eta aita Mike Lastiri. Meza edertzen, San Frantziskoko Zazpiak Bat taldeko dantzariak, Elgarrekin korala eta Klika. Eta segidan, tokiko Bizi Emankorra Saria emanen zaie Ester Bidaurreta, Christine Elicaray, Tony Espinal [birraitatxi egin berria], Jean Pierre Cabalette eta Pierre Labat-eri. Aperitifaren tenorean Amerikanuak bandak joko du aretoan. Ardiki bazkariaren ondotik, pilota partida berriak, joko garbiko eta esku huskako saioekin. Eguna ohiko 'moxkor salda' ederrarekin bururatuko da. Zorionak eta mila esker handi bat San Frantziskoko laguneri, etxe hau sortu eta biziarazi dureneri; elgarretaratze hau 40 urtez prestatu duteneri, eta urteotan euskal kulturaren suia elikatu duten guzieri, gure kulturaren taupada baitira.