euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

San Frantziskoko "Gaelic Zati Bat" egunak arrakastaz batu zituen euskal, eskoziar eta irlandar kulturak

2013/11/13

Dani eta Angel Oiarbide, Nazioen Mundua elkarteko kideak ("Gazta Zati Bat" dokumentala ekoitzi zuena) ikusleak agurtzen, jarduera abiatu aurretik bideokonferentzia bidez (argazkia South San Francisco Basque Cultural Center)
Dani eta Angel Oiarbide, Nazioen Mundua elkarteko kideak ("Gazta Zati Bat" dokumentala ekoitzi zuena) ikusleak agurtzen, jarduera abiatu aurretik bideokonferentzia bidez (argazkia South San Francisco Basque Cultural Center)

PUBLIZITATEA

San Frantziskoko Basque Cultural Center (BCC) euskal etxean "Gaelic zati bat" izeneko kultur eguna egin zen iragan asteburuan, Basque Educational Organization (BEO) elkarteak antolatuta. Ekitaldiaren izena "Gazta zati bat" dokumentaletik hartu da, eta film honen hariari jarraituz, BCCn ere euskal, irlandar eta eskoziar kulturen arteko harremana aztertu zen. Inguruotako euskaldun ugari bildu ziren bertara, baita Boiseko lagun batzuk ere. Harrera oso ona izan zuten egitarauko jarduerek: hitzaldiak, dantza erakustaldiak eta anaitasun afari bat. Jarraian, BCC-k argitaratutako argazki sorta bildu dugu.

San Frantzisko, AEB. BEO elkartearen 2013ko Basque Cultural Day egunak euskaldun asko bildu zituen BCCra jaialdi honen kultur egitarauaz gozatzera. "Gaelic zati bat" izenburupean, egunak euskal, irlandar eta eskoziar kulturen arteko harremanak aztertu zituen, hitzaldi eta dantza erakustaldiak baliatuz horretarako. 

Hitzaldi sailak abiatu zuen eguna, BEOko Marisa Espinalen aurkeztuta. Aurreneko hizlaria Marcia Barinaga izan zen eta entzuleek adi-adi jarraitu zuten bere proiektuari buruzko solasaldia: Barinagak euskal gazta egiten du Kalifornian; gaztagintzari buruz ezer jakin gabe hasi zuen egitasmoa, eta egun oso arrakastatsua da bere Baserri Cheese delakoa. Hitzaldia laguntzeko, Barinagak gazta banatu zuen entzuleen artean, dastatzeko. 

SF Marcia Barinaga

[Marcia Barinaga gaztagileak Barinaga Ranch-en egiten duen gaztari buruz hitz egin zuen (argazkia SFBCC)]

Ondoren, Lisa Corcostegui dantzari eta historialariak euskal, eskoziar eta irlandar dantzen arteko  harremana izan zuen hizpide eta ikusleak biziki harritu zituen antzeko dantza pausoak erakusten zituzten bideak erakutsiz. Amaitzeko, Xabier Irujok, Center for Basque Studies-eko zuzendariak, autodeterminazio eskubideari buruzko hitzaldia eman zuen; besteak beste, Irujok Eskozian 2014an egingo den erreferenduma azpimarratu zuen.

SF Xabier Irujo

[Xabier Irujo, Center for Basque Studies-eko zuzendaria, hitzaldiko une batean (argazkia SFBCC)]

Ondoren, eguneko jarduerak frontoira pasa ziren eta han dantza erakustaldia eskaini zuten Zazpiak Bat taldeak, Scottish Highland Dancers taldeak eta Irish Step Dancers delakoak. Ekitaldia abiatu aurretik, Jeff Campbell gaitajoleak "Mendian Gora" euskal kantua jo zuen eta Johnny Curutchet bertsolariak bertsoa bota zuen.

SF Gaelic zati bat 2013 Johnny Curuchet

[Valeria Etcharren, Johnny Curuchet eta Jeff Campbell gaitajolea, "Mendian Gora" jotzen (argazkia SFBCC)]

Ondoren, hiru taldeen dantza erakustaldiak txalo zaparrada bildu zuen. Eguna amaitzeko, anaitasun afaria egin zuten 2013ko Basque Cultural Day honetan parte hartu zuten lagunek.

Argazki gehiago, hemen.


« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia