euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

San Frantziskoko Euskal Festak 'Euskamerikan artzain' pastorala txalotu zuen, aita Tillous gogoan

2009/09/11

San Frantziskon Sohütako ikasleak pastoralaren emaiten
San Frantziskon Sohütako ikasleak pastoralaren emaiten

PUBLIZITATEA

Estatu Batuetako euskal komunitateak eta Euskal Herritik etorritako zenbait jendek bat egin zuten abuztuaren 28-30eko asteburuan San Frantziskoko 'Basque Cultural Center'en, euskal kultur eta besta elkarretaratzea egiteko, hor barnean Mixel Etxekopar-en 'Euskamerikan artzain' pastorala txalotzeko, pertsularien entzuteko, dantzariak eta kantariak loriatzeko, gostian kantuz eta dantzan arizateko eta, hori guztia, iragan martxoaren 30ean hil zen aita Martxel Tillous xiberotarra gogoan atxikiz, harek ere maite baitzuen euskal kultura biziaraztea, euskara eta euskal moldeei arrunt atxikia baitzen hondarreko 14 urteotan Estatu Batuetako euskaldunen omonier izan zen gizon tipi handi isil langile eskiularra.

San Frantzisko, Kalifornia, AEB. Agorrileko azkeneko asteburuan ospatu du aurten San Frantziskoko Euskal Etxeak bere uda amaierako besta, NABO Pilota Txapelketarekin batera (ikus artikulu bereizia). Jende andana polita bildu zen ostegunetik igandera bitartean, ostegunean afari herrikoia eta pastorala eman zirelarik, programa osoa igandean bukatzeko, goizaldeko ordu txikietan hartzen den ohiko mozkor-saldarekin (baratxuri-zopa).

Osteguna pilota partidekin hasi zen, NABOko pilota finalaurreko norgehiagoka batzuk jokaturik. Ondoren, afaltzeko tenorea heldu zen eta ondotik pertsularien txanda, nahasiz Estatu Batuetako pertsulariak --Johnny Kurutxet, Gexan Alfaro, Jesus Goñi eta Martin Goikoetxea ziren hor-- eta Europatik jinikakoak, hala nola Jean-Louis Laka eta Mixel Xalbador.

Ekimen nagusia gau hortan, pastorala zen, 'Euskamerikan artzain' izenekoa, Mixel Etxekopar-ek propio idatzia eta Sohütako Lizeoko ikasleek taularatua, Nicole Lougarot-ek zuzendurik. Xiberotik helduak ziren guztiak, truke baten barne, ez baita ahantzi behar uda hastapenean, ekainean, Estatu Batuetako gaztetxo talde bat izana zela Xiberoan eta Euskal Herrian, itsasoz bi aldeetako nerabeen harremanen azkartzeko. Gazte kantari, dantzari eta jokolariek obratu zuten pastorala, üskaz, Basque Cultural Center-en.

Pastoralaren gaia, euskalduna Ameriketan, artzain lan egitera etorria eta bakardadea, herrimina, lengoaia ez mintzatzea eta zailtasunak frango sofritzen. Mixel Etxekopar-ek erranik, Miren Azkarateren hitzak izan zituen inspirazio: 'Estatu Batuetan, euskaldun izateko manera berria atxeman duzue', erran zuen orduan Jaurlaritzako Kultura sailburu zenak. Pastoralak euskal amerikarrak elkarrekin lanean azaltzen ditu, NABO sortzen, euskal kulturari geroa atxematen mundu modernoan.

Larunbatean Basque Cultural Center-eko pilotalekua bete egin zen NABO Pilota partiden finalak ikusteko. barbakoa zerbitzatu zen pilotalekuan berean eta ondoren dantzaldi herrikoiari egin zitzaion lekua, Euskal Herritik heldu Jean-Louis Bergara eta Michel Violet musikari.

Igandean, berriz, ohiturari jarraiki, euskaldun mezak zabaldu zuen eguna. Meza-emaile, Fresnotik heldu aita Lastiri, euskara ederrean mintzatuz. Meza edertzaile, klika, txistulari, Elgarrekin korala eta Jean-Louis Bergara, anitz urtez meza honi emana zuen aita Martxelek nahiko zukeen bezala. Bertsolariek heien tartea izan zuten eta aita Martxelen izpiritua airean zen, musika, pertsu, eta guztien asmo eta gogoetan. Predikuan Gratien Goyhenetche eta Mixel Etxekopar arizan ziren.

Gratien-ek hitz hunkigarriak irakurtu zituen, bera ere hunkiturik, eta aita Martxelek bizia aipatu zuen, Euskal Herrian, Afrikan, Parisen eta Ameriketan. Mixel Etxekopar-ek, Jean-Charles Sans lagun, gisa berezian ohoratu zuen Martxel xiberotarra eta Jean Bordaxar-ek propio idatzi kantu bat ere kantatu zuen. Bururatzeko, Battitta Berrogain-ek dantzak, Xiberoko taldearenak eta San Frantziskoko Zazpiak Bat dantza taldearenak. Guztiek zuten gogoan iaz, otsailean, aita Martxel, pilotaleku berean, mezan zela, ebakuntza larria abenduan egina, Ibarretxe lehendakaria ere hor, eta guztien esku-zartak bildu zituela.

Meza eta gero ohiko bazkaria, bildoskiarekin. Ostegunean pastorala ikusi ez zutenendako, arratsaldez ikuskizuna eskaini zen, pertsularien emanaldiekin. Baina ororen buru, euskaldun sistema eta molde guztiak maite zituen aita Martxelen gogoa ibili zen asteburu osoan San Frantziskoko Euskal Etxean, irriz seguruenik, enjoy egiten Xiberoko pastorala, pertsularieri azkarki esku-zartaka, kantu guziak kantatzen, haurreri indarra emaiten pilota, txistua, eskuara ikasi eta atxik zezaten, korala zuzentzen, meza emaiten, silbotea --txistu handia-- jotzen, haragia ez jaten... eta menturaz gero desagertzen, Pottokan, urruneko bataio edo enterramentu batetarat... Halakoa zen aita Martxel.



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia