euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

San Frantziskoko Euskal Etxeak, sortu berri dituen Claude Berhouet Lagun Ona Sariak emango ditu bihar lehenengoz

2007/06/02

San Frantziskoko (AEB) Euskal Etxearen logoak zubi famatua eta euskal dantzariak biltzen ditu
San Frantziskoko (AEB) Euskal Etxearen logoak zubi famatua eta euskal dantzariak biltzen ditu

PUBLIZITATEA

Kaliforniako (AEB) San Frantziskoko Euskal Etxeak biharko egunean zehar Petaluman ospatuko duen piknikean emango ditu lehenengo aldiz, aurten sortu berriak dituen 'Claude Berhouet Lagun Ona' izeneko sariak. Estreineko aldian Alphonse Acheritogaray, Jean Belleau, Pierro Etcharren, Jean-Leon Iribarren, Jeanne Mazeris eta aita Martxel Tillous-i egokitu zaizkien sariok Claude Berhouet-en izena daramate, egungo Euskal Etxearen eta bertako euskal komunitate antolatuaren oinarriak ipintzerakoan zutabe izan zen hotelero donazahartar/sanfrantziskoar baliosarena.
San Frantziskoko Basque Club (SFCC) edo, hemen bertan normalean besterik gabe esaten denez 'Euskal Etxeak', joan den otsailaren 2ko appreciation dinner edo eskertze-afarian jakinarazi zuen sari berri hauen sortzea, beti ere eredugarri izan diren jendeen ahalegina eta 'gure Euskal Etxeari arrakasta ekarri dioten gizon eta emazteen lana' saritzeko.

Bihar Petaluman Euskal Etxearen urteroko piknikean emango diren sariok Claude Berhouet San Frantziskoko hotelero eta aitzindari baxenabartarraren izena hartu dute. Donazaharren sortua, Claude Berhouet Euskal Etxearen sortzea tinko bultzatu zuen pertsona eta lehenengo batzordeko presidentea izan zen, izan ere bost urtez presidente elkartearen lehenengo sei urteetan. Egun errealitate sendoa den Euskal Etxea ahalbidetzeko egin zuen ekarria gogoratzeko eta ber denboran berarekin batera eta ondotik ere beste batzuk egin dituztenak saritu eta jendaurreratzeko eman zaie bere izena sarioi.

Lehenengo edizioan 'Claude Berhouet Lagun Ona Award' jasoko dutenak hauexek dira, guztiak egun bizi direnak, Jean-Leon Iribarren salbu:

-Alphonse Acheritogaray: Baigorri Agorerrekan (Baxenabarre) sortua, Basque Clubeko lehenengo zuzendari batzordekoa izan zen, baita Zazpiak Bat-eko klikako zuzendari ere

-Jean Belleau: Iholdin sortu baxenabartarra, Zuzendari Batzordeko kide izan zen, presidente eta NABO ordezkari edo delegatu

-Pierre Etcharren: Uharte-Garazin sortua, besteak beste Klubeko presidente izan da, idazkari, Batzordeko kide, Zazpiak Bat-eko dantzarien zuzendari, klikako kide, koraleko kantari, dantzari, mus-antolatzaile, eta horretaz landa NABOko presidente eta presidenteorde

-Jean-Leon Iribarren: bankarra, 1992an zendua. Klubeko presidente eta diruzain izan zen, NABO ordezkari, koraleko kide, eta horretaz landa NABOko presidente

-Jeanne (Esterben) Mazeris: San Frantziskon sortu euskalduna aita Uharte-Garaziko, ama Armendaritzeko. Urtetan Elgarrekin abesbatza zuzendu zuen

-Martxel Tillous: Eskiulan sortu xiberotarra. 1994z geroztik Estatu Batuetako euskal komunitatearen omonier edo apeza, xirulari eta txistulari, Elgarrekin koralaren egungo zuzendari, irakasle Udalekun, Lokarria AEBetako euskaldunen aldizkari katolikoaren sortzaile


Lotura interesgarriak

San Frantziskoko Basque Club delakoaren historia
www.basqueclub.com webgunean

San Frantziskoko 47. piknikeko egitaraua, bihar Petaluman
www.basqueclub.com webgunean

San Frantziskoko euskal erakundeak
www.sfbasque.org


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia