euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

San Frantziskoko Euskal Etxeak jendez mukurru egin zien harrera Bill Clinton eta John Garamendiri

2009/10/08

Clinton solasean ari zela San Frantziskoko Euskal Etxean, garamendi atzetik arretaz entzuten
Clinton solasean ari zela San Frantziskoko Euskal Etxean, garamendi atzetik arretaz entzuten

PUBLIZITATEA

Laurehun bat pertsona bildu ziren San Frantziskoko Euskal Etxean Bill Clinton presidente ohiak Kongresuko aulki bat bereganatzeko lehian ari den John Garamendi Kaliforniako gobernadoreordeari sostengua emateko antolatutako ekitaldi politikora, joan den asteartean. Azaroaren 3ko hauteskunde horietarako hautagai nagusiena da Garamendi. Bi politikariak osasun zerbitzu unibertsala eta energia berriztagarrien gaiak aipatu zituzten, eta Clintonek gogora ekarri zuen duela 34 bat urte Euskal Herrian egon zela Hillaryrekin, herrirk herri eta festaz festa. bere hitzaldia bukatuta, aireportura abiatu zen, John eta Patti Garamendi eta euren seme-alaba eta bilobak Euskal Etxeko jatetxean afaltzen geratzen ziren bitartean.

San Frantzisko, Kalifornia, AEB. Ekitaldi berezia joan den asteartean South San Frantziskoko Basque Cultural Center-ean bizi izan zutena, ez baita eguneroko gauza zeure etxea Estatu Batuetako presidenteak bisitatzea. Bertakoak, beraz, gogor saiatu ziren azken orduan --Clintonen agenda agintari-- finkatutako hitzordu hau behar bezala aurrera ateratzen, zehaztuz, hori bai, hitzordua hitzordu garrantzitsua zela, baina pribatua, Garamendiren ekipoak eginiko erreserba bati erantzunez, eta Euskal Etxeak "irmo gordetzen duela bere independentzia eta neutaltasuna eta gai politiko alderdikoiak atez kanpo uzteko araua", Xabier Berrueta euskal etxeko lehendakari ohiak --eta Clinton eta Garamendi eskua emanez agurtu zituenetako bat-- EuskalKultura.com-i azpimarratzen zionez.

2009 clinton garamendi 02

[Basque Cultural Center-eko lehendakaria, Philippe Acheritogaray, John Garamendirekin hizketan, eskua Clintoni ematen ari zaion bitartean]

Garamendi hautagaia, bere kanpainan ardatz diren osasun zerbitzu unibertsalaren eta energia berriztagarrien gaiak ukitu zituen, besteak beste, baita Clintonek ere. Bere solasaldian, Estatu Batuetako presidente ohiak duela 34 bat urte Hillaryrekin batera egin zuen bidaia bat ekarri zuen gogora, herriz herri eta festaz festa. Esan zien bertaratutakoei ez zeukala arazorik euskaldun bihurtzeko, arraina eta esne hotzarengatik ez balitz (?).

2009 clinton garamendi 2003

Aretoa jendez mukurru

Clintonek azaldu zuen, Garamendiri zor diola euskaldunei buruz gaur egun daukan ezagupena. Izan ere, Garamendi Clintonen Administrazioko kide izan zen bolada batez, presidenteak Barne estatu-idazkariorde (ministro orde) izendatu zuenean. Garamendiren lanerako gaitasuna goraipatu zuen, baita bere irria ere, esan zuenez irri hori bere lagun mina baita, bederen duela 18 urte ezagutu zuenetik, gaiei behar bezala eusteko. Clintonek argiro sostengatu zuen Garamendiren kanpaina eta, mitina bukatutakoan, aireporturako bidea hartu zuen. Garamendi familiak, ostera, Euskal Etxeko jatetxean afaltzen gelditzeko erabakia hartu zuen.

Garamendiren biloba pilotazaleak

Pasadizo gisa, aipa daiteke Euskal Etxeko bazterrak --bertakoa Estatu Batuetako euskal etxerik handiena da-- ezagutzeko bisita gidatuan, Garamendiren biloba tipiak harrituta gelditu zirela pilotarekin, eta bertatik alde egiteko tenorea heldu zenean, komeria batzuk ere heldu zirela, haurrek ez baitzuten frontoitik joan nahi.

Oroit dezagun, azkenik, egun Kaliforniako gobernadoreorde den John Garamendi estatu bereko 10 zenbakidun barrutiko Kongresurako eserleku bat bereganatzekotan ari dela, Ellen Tauscher demokratak Obamaren eskaintza bat onartu eta kargua utzi ondoren. Hauteskundeak joan den irailaren 1ean izan ziren, eta Garamendi botorik gehien lortu zituena izan bazen ere, ez zuen aski boto lortu zuzenean hautatua ateratzeko. Begiak orain, beraz, azaroaren 3an gauzatuko diren hauteskundeei so daude eta hor erabakiko da geroaren nondik-norakoa.



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia