San Frantzisko, AEB. Euskal hitzordu berezia izan zen joan den igandean South San Frantziskoko Gure Euskal Etxean, edo ingelesez Basque Cultural center deitzen duten euskal egoitzan. Ohiko 'bazkideen bazkaria'ren ostean, bertso saio berezia gauzatu zen, San Frantzisko bertako Johnny Curutchet-i beste hiru bertsolari bildurik: Estatu Batuetako Boisetik (Idaho) heldutako Todor Azurtza eta Rock Springs-etik (Wyoming) heldutako Martin Goicoechea, eta Euskal Herritik etorritako Xabier Euzkitze, Zarautzen bizi den azpeitiarra.
NABOko lehendakari Philippe Acheritogaray-k egin zuen ekitaldiaren aurkezpena, eskerrak emanez NABOren izenean San Frantziskoko Gure Euskal Etxeari, Euskal Etxeari eta BEO (Basque Educational Organization) erakunde antolatzaile eta laguntzaileei. Gogoratu zuen aurten NABOk 50 urte beteko dituela, eta NABOren sorrera hartan, Renon 1973an eginiko lehenengp bileran egon zela Pierro Etcharren, geroztik ere berrogeita hamar urte hauetan euskal kulturaren sustatzaile ibili dena, eta publikoaren artean zegoenez, zutitzeko eskatu zion. Txaloak ere eskatu zituen publikoan zegoen Jesus Arriada bertako bertsolariarentzat, eta begitik ebakuntza egin berria diotela bertaratzerik izan ez zuen Jesus Goñi bertsolariarentzat ere.
Ondoren Venezuelako euskal diasporan jaiotako Todor Azurtza donostiarra, egun Boisen bizi dena, gonbidatu zuen hitza hartzera. Honek, Frantxua Bidaurreta eta Martin Goicoechea lagun Estatu Batuetan sortu duten Bertso Eskola aipatu zuen. Saioan agurtuko zuten baita ere Aner Peritz, Euzkitzeren semea, hasiera batean oholtzan bertsotan egon behar zuena, baina bere borondateari lotu gabeko Estatu Batuetako arazo administratiboak medio bertaratzerik izan ez zuena.
Hona bertso saioaren bideoa:
Bideoan: hasieran, bazkariko irudiak Gure Euskal Etxean; 5' 17"etan Philippe Acheritogaray-ren ongi etorri eta aurkezpena; 9' 20"etan, Todor Azurtzaren hitzak; eta 11' 53"etan saioaren hasiera, agurren txandarekin, Martin Goicoechea hasita (bideoa NABO)
Bigarren bideoa: 'Bonus track': Xabier Euzkitzek Kaliforniarekin eta bertako euskaldunekin lotura estua zeukan Panpi Laduche pilotari eta bertsozale handiari idatzi eta eskainitako kantua, egun San Frantziskoaldean bizi den Iñaki Retak soinuarekin laguntzen diola
Hirugarren eta azken bideoan, Iñaki Reta akordeoiarekin, 'Isil isilik dago' kantari bere jotero ahots ederrarekin.