euskal diaspora eta kultura
2011/04/12
PUBLIZITATEA
Franxoa Bidaurreta/San Frantzisko, AEB. Otsailean ospatu da Euskal Etxearen urteburua; berriz ere Euskal Etxeko arduradunek besta eder eta kulturatsua muntatu dute Euskaldunak elgarretaratzeko, ortzirale arratsaldean hasi eta igande arratsean bukatu. Pilotan, joko garbilariek, Kapito Harri-koak, eta eskulariek, Euskal Federakuntzakoak, pilotazaleak gozarazi dituzte egin dituzten jokaldi azkar eta ikusgarriekin, Kiki Bordatxo taldeak denak jostaraziz bere soinu airos eta segikorrarekin.
Besta hasi da ortzirale arratsaldean joko garbi jokaldiarekin, afaria ta dantza. Larunbat goizean Kapito Harriko jokolariak arizan dira hemengo gazte eta haurreri erakusten nola jokatzen den joko garbian. Talde pollita bildu da ikasketak eta entseguak egitera, segi aurrera. Larunbat arratsaldean pilotariek erakutsi daukute zer egiteko trebe diren, lehenik joko garbian, gero segidan esku huska pilotalekua gaindizka pilotazalez betea, askotan xutituz txaloka, jokolariek egiten zituzten jokaldi azkar, xoragarrien eskertzen.
Pilota jokoan zelarik, sukaldariak eta laguntzaileak ikusten ziren afariaren prestatzeko artetik pilotari behako batzuen egiten, beren lanari begia ongi atxikiz, hoinbeste afaltiarrentzat, bortzehunez goiti, janaria denentzat nahikoa eta gustu onekoa. Musikariak, afaria bukatu orduko, lekuan ziren, gisa guzietako dantzariak loriatzen zituztela zahar, gazte eta arteko etxerako tenorea arte gelditu gabe.
Igandea, meza - Goizeko hamarrak, pilotalekua Eliza bihurtua, jendez bete da, hamarretarik laster prosesionea abian da kurutzearen gibeletik, dantzariak, klika, denak airostuz, euskal koroa, zer prosesione luze eta sarkorra, denak umiltasun haundienean, Aita Lastiri meza emaile, irakurtzeak, kantuak denak euskaraz, otoitz bereziak irakurriz eta bertsutan, meza hunkigarri eta barnakorra, jende asko eta denak umiltasunik handienean.
Ohorezko eskaintza – Meza bukatu bezain laster, Euskal Etxeko lehendakari Philippe Acheritogaray-ek eskaini diete “Bizi Emankorra” Yvonne Cuburu, Jean Baptiste Saparart eta Anna Iriartborde-ri.
Jean Baptiste Saparart Donibane Garazin sortua, gaztetan etorri zen Estadu Batu – Stockton Kalifornia-ra, bere aita, ama eta anearekin, laster etorri ziren San Frantziskora, familiak hartu zuen “La Cancha” izeneko hotela pilota lekuarekin. Jean Baptiste, Zazpiak Bat dantzari taldean eta Klikan zen horien hastapenetik. San Frantziskon Basque Cultural Center egitea asmatu zenetik hor zen bere ideiekin, lanezko eta diruzko laguntzekin, obra bukatu ondotik usu ikus zitaikeen Jean Baptiste Basque Cultural Center hortan lanean, edo lagunekin goxatzen. Aspaldian joana izanagatik mundu huntarik, sobera gazterik, ez zira ahantzia. Hunentzat “Bizi Emankorra” eskaintza familiari emana izan da, Louise emaztea, Jacqueline eta Robert alaba eta semeari.
Anna Etchehandy Iriartborde Eiheralarren sortua, San Frantziskora etorria 1962an. Ganix senarrak eta biek Hotel des Alpes jatetxea atxiki zuten, denbora berean asko laguntza eginez orduan San Frantziskora etortzen ziren euskaldun berrientzat. Annak aspalditik beti atxiki eta atxikitzen ditu Euskal elkarteko harat hunaten berri, argazki, egunkari edo astekarietan agerzen diren berri, zerbait euskaldun proiektu berri badenean Anna-ri egiten da galdea pasatu gauzen jakiteko. Basque Cultural Center ideki zenean Annak eta Ganixek hartu zuten horko jatetxearen abiadako kargu, ikusten da erro onak hazi ziozkatela. Anna beti euskal kulturaren ezagutarazten, aurrera segitzera egiten du lan.
Yvonne Sorhondo Cuburu, Alturas Kalifornia-n sortua, San Frantziskora etorria haurrean bere aita, ama eta anearekin. Handik laster Yvonne-n aitamek hartu zuten “Pyrenees Hotel”a. Yvonne hor haunditu zen, beti Euskaldunen artean bere aita, ama eta anearekin hoteleko lanak eginez; eta Euskaldun asko lagunduz beren herrialde berrian, Euskaldun suharra izanez Yvonne-k euskera ongi mintzo du, bere bi haurreri ongi euskeraz mintzatzen erakutsi ere; Yvonne beti prest da kulturaren alde lan egiteko, idazle, haur eta gazteen programetan, edo nun ere laguntza behar den.
Zorionak eta milesker Jean Baptiste, Anna eta Yvonne! (Parte Philippe-k egin mintzalditik hartu eta euskerarat bihurtuak dira hiru ohoratuer egin hitzak, norbaitek nahi badu irakurri osoan lehendakariaren mintzaldia, egin dezake web huntan inglesez: www.sfbcc.us)
Bazkal aurretik pozik ikusi ditugu dantzariak jantzi berezietan dantza bereziendako, xixtularien laguntzarekin, programa labur bainan ikusgarria eskaini dute. Langileak pilotalekua jatetxe bilakarazten ari diren denboran, jendea ikusten zen elgarrekin goxatzen zintzurra bustiz, asko Estatuetarik, Euskal Herritik ere etorriak ikusten dira; Euskal Etxeko xoko guziak bazkaltiarrez beteta daude, jateko onak beti errekesta haundia baitu.
Bazkal ondoan bertze bi pilota jokaldi, pilota lekua beterik, denak goxatuz. Usaia den bezala bukatu da baratzuri salda eta kauserak janez, musikarekin. Eskerrak emaitekoak dira euskal besta fedetsu eta kulturatsu hau muntatu duten karguduneri eta hunen edertzeko gisa guzietako lanak egin dituzten guzieri. Helduden Euskal Etxeko urteburua hogoita hamargarrena izanki, duda gabe erran nezake horri buruz lanean hasiak direla.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus