euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

San Frantziskoko BCCek 30 urte ospatuko ditu hilaren 17tik 19ra: bertsoak, pilota, Bizi Emankorra...

2012/02/07

San Frantziskoko 'Basque Cultural Center' elkartea auzolanean eraiki zuten bertako euskaldunek duela 30 urte (argazkia EuskalKultura.com)
San Frantziskoko 'Basque Cultural Center' elkartea auzolanean eraiki zuten bertako euskaldunek duela 30 urte (argazkia EuskalKultura.com)

PUBLIZITATEA

Gertu dago dena San Frantziskoko 'Basque Cultural Center' elkarte kaliforniarraren 30. urteurrena ospatzeko: hilaren 17tik 19 egingo dira ekitaldiak, eta Euskal Herriko zein Oesteko lagun ugari bilduko dira bertara. Ospakizunak BCCaren II Bertso Jaialdiarekin hasiko dira ostiralean, eta bertan, AEBetako bertsolariekin batera, Euskal Herritik etorriko diren Amets Arzallus lapurtarra eta Julio Soto nafarra ariko dira. Iparraldetik ere, Ketxo taldea izango da ostiraleko zein larunbateko erromeriak alaituko dituen taldea. Igandean, berriz, Bizi Emankorra sariak banatuko dira.

San Frantzisko, AEB. San Frantziskoko Basque Cultural Center elkarteak 30. urteurreneko egitaraua aurkeztu du jada. Ospakizunak otsailaren 17an hasiko dira, eta asteburuan zehar luzatu ostean igandean, otsailaren 19an, bukatuko dira. Urteurrenaren barruan elkarteak II. Bertso Jaialdia egingo du 17an, eta igandean, berriz, Bizi Emankorra sariak emango dituzte, bertako euskal komunitatean euskal kulturaren alde berebiziko lana egin duten lagunak aintzat hartuz.

Esan bezala, jaia otsailaren 17an abiatuko da, 17:00tan, Joko Garbi pilota partidekin. Bertan lehiatuko dira Euskadiko Ander Elezkano, Julien Etcheverry, Aitor Gorrotxategui, Paul Ojuel eta Pedro Uriarte, batetik, eta bestetik Kapito Harri taldeko Mattin Castanchoa, Bruno Irachabal, Pantxo Lissar, David Navailles eta Eneko Sarratia. Ondoren, 18:00tan, afaria egingo da eta afalostean Bertso Jaialdia, ingeleserako aldibereko itzulpena barne. Euskal Herritik etorriko dira Amets Arzallus eta Julio Soto, eta Estatu Batuetako bertsolarien ordezkariak Johnny Kurutxet (Kalifornia), Martin Goicoechea (Wyoming) eta Jesus Goñi (Nevada) izango dira.

Aipatu behar da bigarren bertso festa honek osaba-ilobak bilduko dituela kantari taula gainean, Euskaditik etorria bata eta Ameriketakoa bertakoa bestea, hala baitira Wyoming-eko Martin Goicoechea eta Iruñea-Gorritiko egungo nafar txapelduna, Julio Soto [oso gazterik Gorrititik Wyoming-eko Rock Springs-era etorritako bertsolaria da Martin Goicoechea]. Interesgarria izango da hainbeste gauza amankomunean zein ez-amankomunean dauzkaten bi bertsolariok elkarrekin jardunean ikustea.

Bizi Emankorra 2012

Larunbatean ere pilota partidak jokatuko dituzte Joko Garbin, San Frantziskoko Gazteak taldeak eta Euskadiko Txapeldunek, eta ondoren afaria egingo da. Arratsaldeko 20:00etan dantzaldia hasiko da Ketxo taldearekin. Talde hau lagun zaharra da Iparraldeko zein kaliforniako plazetan eta kideen artean badauka Kalifornian bertan --San Frantziskon-- jaiotako euskaldunik.

Igandean eguna goizeko hamarretan hasiko da, Euskarazko Mezarekin. San Frantziskoko 'Elgarrekin' koralak, bertako Klikak eta Zazpiak Bat Dancers taldeak parte hartuko dute. Bertsolariak ere arituko dira meza garaian. Ondoren, Bizi Emankorrak sariak banatuko dituzte. North American Basque Organizations federazioak ez du itxi oraino hautagaiak aurkezteko prozesua; proposamenak bidaltzeko epea otsailaren 15ean itxiko da. Egunari bukaera emateko bazkaria egingo da euskal egoitzan eta ondoren asteburuko azkeneko pilota partidak jokatuko dira.

-Urteurreneko egitaraua, hemen
-BBC-ren webgunea, hemen



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia